Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak dimisioa aurkeztu du gaur Alderdi Laboristako buru gisa, liberal-demokratekin akordioak errazteko. Hala ere, behin behineko lehen ministro izaten jarraituko du iraila arte, eta orduan laboristek buruzagi berria aukeratu beharko dute.
David Cameron Erresuma Batuko Legebiltzarrerako hauteskundeetako irabazleak gero eta gertuago dauka lehen ministro kargua, haren Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberal-Demokrata gobernu akordioa lortzeko aurrerapausoak ematen ari direlako, baina Brownen iragarpenak aukera sorta berria ireki du.
Asteburuan hizketan aritu dira bi alderdiak, eta gaur ere egingo dituzte bilerak. Aste bukaerako batzarrak "oso positiboak" izan direla azpimarratu dute bozeramaileek. Arlo ekonomikoa izan dute hizpide nagusietakoa, eta bat datoz: "Egonkortasun ekonomikoa lortu behar da eta defizita jaitsi".
Liberal-demokratek adierazi dute negoziazioetan programa hartuko duela ardatz, eta "ezinbestekoa" iruditzen zaio hauteskunde sistema aldatzea. Izan ere, alderdi hark osteguneko hauteskundeetan botoen %23 izan arren, 57 diputatu baizik ez ditu eskuratu. Duela bost urte %22,1eko babesarekin 63 diputatu lortu zituen. Kontserbadoreek orain 306 eserleku dituzte %36,1eko babesarekin eta Alderdi Laboristak %29rekin 258.
Liberal-demokratak laboristekin ere batu dira asteburuan: atzo Nick Clegg burua Gordon Brown jarduneko lehen ministroarekin elkartu zen. Brownen dimisioak elkarrizketa berriak ekarriko ditu.
Erresuma Batuko Legebiltzarrean, azkeneko 36 urteetan ez bezala, inork ez du gehiengo osorik. Azkeneko hamahiru urteetan laboristak izan dira gobernuan: Tony Blair eta Brown.
erresuma batua
Brownek dimisioa aurkeztu du Alderdi Laboristako buru gisa, liberalekin akordioak errazteko
Kontserbadoreak eta liberalak gobernu akordiotik gero eta gertuago daude. Aste bukaerako batzarrak "oso positiboak" izan direla nabarmendu dute, eta gaur segituko dute bilerekin. David Cameronek Nick Cleggen babesa behar du lehen ministro izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu