EBren helburua energia alorrean Errusiarekin lehentasunezko hitzarmenean ados jartzea da, salneurrien hazkundea eta ziurgabetasuna gero eta handiagoa den garaian. Izan ere, gas, petrolio eta uranio hornitzaile handiena da Mosku EBrentzat. Bruselak Dmitri Medvedev presidente berriarengandik lortu nahi du Errusiaren gas ekoizpen eskergan Europako mendebaldeko inbertsioei bide ematea. Kremlinaren hornikuntzaz duen beharra apaltzen saiatu da EB hilabeteotan beste herrialdeekin itunak eginda, baina, agerikoa da oraindik. Turkmenistanekin petrolio eta gas lankidetza akordioa sendotu zuen atzo EBk. Bestalde, 27 estatuek Errusiarekiko duten mendekotasuna baliatu izan du Kremlinak harremanetan ahalik eta etekin handiena izateko.
EB MOSKUREN MENPEAN. EBk 1997ko hitzarmena gaurkotzea du xede, Errusia energia ekoizle globala eta eskerga den garai berrira egokitzeko. Vladimir Putin presidente zenean-Errusiako lehen ministroa da orain- garraztutako harremanak onbideratzea lortu behar du horretarako Medvedevekin. EBko Atzerri Gaietarako komisario Benita Ferrero Waldenerren ustetan, ez dira hartueman errazak izango: «Elkarrizketa zailak izango dira, ez dut ezer aurreratu nahi, baina uste dut luzaro iraungo dutela». Iritzi berekoa da Radoslaw Sikorski Poloniako atzerri ministroa ere, eztabaidagaien garrantzia argudiatuz.
Energia beharrizanak baldintzatuta EBko herrialde gehienak Errusiarekin adostasun garai berria hastearen aldekoak baziren ere, arazo diplomatikoek oztopatu egin dute hemezortzi hilabeteotan negoziazioen hasiera. Hasteko, Errusiak Poloniako haragiari eta nekazaritza produktuei ezarri zien blokeoaren eraginez, Varsoviako gobernuak betoa jarri zien elkarrizketei. Donald Tusk presidenteak kendu zuen betoa, baina Lituaniak negoziazioak eragotzi zituen gero Moskurekin zuen lehiagatik.
Arrazoi hauek eman zituen Vilnako Gobernuak elkarrizketak oztopatzeko: Errusiak Lituaniari jarritako petrolio blokeoa, eta Kremlinak Georgia eta Moldaviarekin duen harreman gorabeheratsua. Horrez gain, Sobiet Batasunaren okupazio garaian deserritutako lituaniarrengatik kalte ordainak eskatu nahi dizkio Moskuri, eta ordukokrimenen auzibideetan elkarlanean aritzea. EBk Siberiako bilkuran Errusiari kezka horiek zuzenduko dizkiola hitzemateak Lituaniaren betoa ezeztatu du azkenerako. Errusia eta Erresuma Batuaren arteko harremanak ere ez dira garairik onenean, Andrei Luguvoi, Alexander Litvinenko Londresen pozondutako KGBko agente ohiaren ustezko hiltzailea, estraditatzea arbuiatu zuelako. Nolanahi ere, EBko 27 herrialdeek harremanak indartu nahi dituzte Kremlinarekin, ekonomiatik hasi eta politikaren baitako itunak egiteraino.
EKIALDEKO BIZILAGUNAK. Bruselak lankidetza estuagoa erdietsi nahi du Moskurekin, besteak beste, krimenen aurkako borrokan, ustelkeriaren kontra, eta pertsonen eta drogaren trafikoari aurre egiteko. Giza eskubideetan sakontzea ere mahai gainean izango dute Siberiako ekaineko bilkuran. Medvedev presidentearen agintearekin hasiera ona eduki nahi dute EBko herrialdeek, azken urteotan indartu dituzten salerosketa akordioetatik haratago, sakoneko ezinikusi politikoak ere gainditzeko bidean.
Kremlineko Atzerri Ministerioa pozik agertu da EBren erabakiarekin, eta luzaro espero zuen ebazpena zela adierazi du Andrei Nesterenko eledunak. Lituaniak jarritako betoak Errusia asaldatu zuen, eta horren lekuko da Medvedevek Txinara egin zuela bere agintaldiko lehen bidaia ofiziala Europako herrialde batera egin ordez. «Espero dugu akordio berria Errusia eta EBren arteko benetako hurbilpena gauzatzeko baliagarria izango dela, eskubide berdintasunean, bien interesen begirunean, eta segurtasunari buruzko auzi giltzarrietan». Nesterenkok negoziazioak berehala abiatzeko eskatu du.
Negoziazioak 1990ekoak baino zailagoak izango direla ohartarazi du Kremlineko eledunak, Europako Batasuna hamabi estatu zirelako lehen, eta 27 orain, eta horien barnean Errusiarekin aurretiazko harremanak izan dituzten estatu berriak baitira. «Litekeena da EBko kideok estatusaz abusatzen saiatzea Errusiarengandik amore emate gehiago lortzeko». EBren barruan Errusiaren aurkako multzoa osatzea egozten die Poloniari, Lituaniari, Letoniari eta Estoniari.
Bestalde, Poloniako eta Suediako Atzerri Ministroek Errusia aintzat hartzen ez duen Europa ekialderako egitasmoa aurkeztu dute. «Bizilagunen politikatik» haratago, Ukrainarekin, Bielorrusiarekin eta Moldaviarekin hitzarmena egin nahi dute batetik, eta Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko herrialdeekin bestetik. Carl Bildt Suediako Atzerri ministroaren ahotan, Europarentzat «funtsezko garrantzia» duten estatuekin lotura handitzeko helburua du planak.
«Elkarrizketa zailakizango dira; ez dut ezer aurreratu nahi, baina uste dut luzaro iraungo dutela»
benita ferrero waldner
eb-ko kanpo harremanetarako komisarioa
«Espero dugu akordio berria Errusia eta EBren benetako hurbilpena gauzatzeko baliagarria izango dela»
andrei nesterenko
Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramailea