Europako Batasunean barnaaske ibiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko agindu dio Bruselak Frantziari. Joan den agorrilatik ijito andana kanporatu dituelako agindu dio Europako Batzordeak. Haatik, ez du zabaldu Parisko gobernuaren aurkako espedienterik. Horrez ordez, datorren urriaren 15a arteko epea eman dio Europako Batasuneko legedia betetzeko.
Europako Batzordeak informazio nahasia zabaldu zuen atzo: jakinarazi zuten Europako Batasuneko exekutiboak ez zuela ebatzi Frantziaren aurkako neurririk ijitoen kanporatzeen auzian, baina beste hainbat iturrik kontrako berria zabaldu zuten. Bruselak hartu zuen erabaki erdibidekoarekin lot daiteke atzoko anabasa: espedienterik ez zabalduagatik ere, bere agindua betetzen ez badu, Frantziaren aurka hemendik gutxira zigor prozedura irekiko duela jakinarazi baitu Bruselak.
Horren arabera, datozen egunetan ohar bat helaraziko diote Parisko gobernuari; eta horren bidez eskatuko diote EBko herritarren mugimendu askatasuna bermatzen duen 2004ko zuzentaraua betetzeko. Parisek datorren urriaren 15era arteko epea du zuzentaraua errespetatzen duela egiaztatzeko edo, gutxienez, horretara egokitzeko egutegi bat aurkezteko. Haatik, finkatu zaion epean Frantziak ez balu egokitze bidean ezer egingo, «2004ko zuzentaraua Frantziako legedian ez gauzatzeagatik, espediente batabian jartzeko erabaki politikoa hartuko du Bruselak», Europako Batzordeko iturriek adierazi dutenez.
Zehazki, beraz, Bruselak ohartarazte soila egin dio Frantziari. Izan ere, EBren zuzenbidea estatu partaide baten barne legedian gauzatzeko agindua ez betetzeaarau hausteetan zabaltzen den prozesu luze baten lehen urratsa da. Halako prozesuak bururaino eramaten direnean, legedia urratu duten estatuak Europako Justizia Auzitegira eramateko aukera zabaltzen da. Alabaina, halako prozedurak bururaino iritsi aurretik ebatzi ohi dira gehienetan; orain arte hasi direnetatik %90, bederen, auzitara eraman aurretik ebatzi dituzte.
Europako Batzordeak, baina, ez du Frantzia bakarrik jarri auzitan. «2004ko zuzentarauari dagokionez, EBko beste herrialde partaideetako egoera zein den aztertzen ari gara uneotan». Frantziaz gain, beste estatu batzuek araua ez dutela modu egokian bete ohartuko balira, orduan, herrialde horietako gobernuei ere Europako legedia bete dezaten agintzeko oharra bidaliko lieke.
Salaketarik ez
Bruselak ez du salaketarik jarri Parisen kontra bazterketa neurriak hartzeagatik. Frantziako Barne Ministerioak joan den agorrilaren 3an departamenduetako prefetei bidali zien agindu-agiri baten edukian oinarrituko litzateke salaketa. Agindu-agiri hartan Parisek manatzen zuen Frantziako «legez kanpoko kanpamenduak lehenbailehen desegiteko», eta pasarte batean zehaztuta zegoen, desegin beharreko kanpamenduetatik ijitoenak zuela lehentasuna.
Agindu-agiri horren berri jakiteak sekulako zalaparta piztu zuen. Europako Batzordeko Oinarrizko Eskubide eta Justizia komisario Viviane Redingek hitz gogorrak izan zituen Parisen alderat. Agindua EBko arauekiko erabat kontrakoa zela nabarmentzeaz gain, Redingek bipil salatu zuen Parisek hartutako jarrera: haren ustez, Frantziako Gobernuaren ordezkariek gauza bat azaldu zioten Europako Batzordeari, eta beste zerbait agindu prefetei. Afera horrek izandako oihartzunak horretara nahitaez beharturik, Frantziako Gobernuak birmoldatu egin du prefetei bidalitako agindua. Horrela, irailaren 13an plazaratutako agindu berrian ez da ageri ijitoei egindako erreferentziarik.
Frantziak joan den astean bidalitako argibide txostenean zehazten denez, legez kanpoko kanpamenduak desegiteko neurria ez da eman atzerritik joandako ijitoen kontra. Ohar horretan Parisek zehaztu du desegin diren hiru kanpamenduetatik bi Frantziako herritartasuna duten bizilagunenak direla. Hortaz, Parisen azalpenen arabera, Frantziatik kanporatu diren ijitoak kanpamenduetan bizi direnen artetik %20a baino ez dute osatzen, eta euren sorterrira bidali dira Frantzian legez geratzeko epea gaindituta zeukatelako.
Argibide gehiago
Frantziak emandako argibideak ez direla aski adierazi du Viviane Redingek, eta Parisi datu zehatzagoak eskatuko dizkiotela gaineratu du. «Helarazi dizkiguten argibideak ondo daude, baina datu zehatzak nahi genituzke eskuratu», adierazi du Europako Batzordeko Justizia komisarioak. Redingen esanetan, Bruselak eskuratu nahi dituen argibideen artean daude ijitoak Frantziatik kanporatzeko legezko arrazoiak eta kanporatu aurretik auzitegietan agertu izanaren frogak.
«Frantziak zehaztasun guztiak helaraziko dizkio Bruselari, orain arte beti egin duen bezala», ziurtatu du Quai d'Orsay Frantziako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Bernarda Valerok. Haren arabera, Parisek Bruselak eskatutako argibideen gaineko azterketa egingo du datozen egunetan.
Anartean, Quai d'Orsayk «atseginez» hartu du Bruselak Frantziaren aurka bazterketa salaketarik ez egitea. «Hartutako neurriak gutxiengo etniko baten aurkakoak ez zirela agerian uzteko eman ditugun bermeak aintzat hartu direlakoan gaude», adierazi du Valerok. Haren iritzian, beraz, Bruselak argi ikusi du ijitoen kanporaketetan ez dela izan «Europako legediaren aplikatze baztertzailerik».
Bruselak atzo hartutako erabakiak hizpide zituela, Frantziako Europarako gaietarako estatu idazkari Pierre Lelouchek honako hau adierazi du: «Kalapitak atzean utzirik, lanari ekiteko garaia da». Legebiltzarreko Atzerri arazoetarako batzordearen aurrean eginiko agerraldi batean, halaber, Lelouchek zera zehaztu du: «Frantziak proposamenak aurkeztuko dizkio Europako Batasunari, ijitoak euren jaioterrian bertan gizarteratu ditzaten».
Bruselak ez du zabalduko oraingoz Frantziaren aurkako espedienterik
Europako Batasuneko zuzenbidea betetzen duela ziurtatzeko, datorren urriaren 15era arteko epea eman diote Parisko gobernuari. Frantziako Gobernuak «atseginez» hartu du Europako Batzordearen erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu