Bruselak hilabete eman dio Hungariari hiru lege aldatzeko

EBren arabera, legeek «arriskuan» jartzen dute Justiziaren, Banku Zentralaren eta datuen babesaren independentziaViktor Orbanen gobernuak eskaria betetzen ez badu, auzitara eramango dute herrialdea

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Bruselak eta Budapestek talka egin dute. Europako Batzordeak hiru zigor prozedura zabaldu dizkio Hungariari, hilaren lehenean indarrean sartu zen Konstituzio berriko zenbait puntu «ez datozelako bat Europako Batasuneko zuzenbidearekin». Estrasburgon bildu ziren EBko 27 komisarioak, eta Viktor Orban Hungariako lehen ministro ultrakontserbadorearen lege berrien analisia egin ostean hartu dute erabakia.Hungariako Banku Zentralaren, Justiziaren eta datuen babesaz arduratzen diren agintaritzen independentzia «arriskuan»jartzen dituzten hiru legeak aldatzeko eskatu dio Bruselak,eta hilabete eman dio horretarako.

«Espero dugu EBko zuzenbidea errespetatzeko beharrezko aldaketak egingo dituztela Hungariako agintariek. Orain arte ez dute horrelakorik egin, eta horregatik erabaki dugu zigor prozedurak hastea», adierazi du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Estrasburgoko bileraren ostean.

Hungariak Konstituzioa aldatu duenetik —hilaren batean sartu zen indarrean— Banku Zentrala independentzia galtzeko zorian dagoela uste du Bruselak. Izan ere, Orbanek zuzendariorde berria bere nahien arabera aukeratzeko ahalmena du orain. Bankuari dagokion legea ez aldatzeak, gainera, eragin zuzena izan dezake NDF Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batasuna Hungariari ematekoak diren 15.000 eta 20.000 milioi euro bitarteko maileguan. Hala ere, bi kontuak «gai ezberdinak» direla nabarmendu Bruselak.

Bestalde, Justiziari eragiten dion legeak 62 urtera jaitsi die epaileei erretiroa hartzeko adina. Lege horrek kolokan jar lezake Hungariako Justiziaren independentzia, EBren ustez, praktikan 250 epaile kendu eta Fidesz Orbanen alderdiaren ildoko epaileak jartzea ekarriko lukeelako. «Justizian garbiketa egin nahia» ikusten du Bruselak lege berriaren atzean. Datuen Babeserako Legeak, halaber, datuen kontrola Budapesteko gobernu kontserbadorearen esku utziko duela salatu du Europako Batzordeak.

Hiru legeak aldatzeko hilabeteko epea izango du Obranek. Eskaria betetzen ez badu, Bruselak ohartarazpen formal bat bidaliko dio Budapesti, EBren Luxenburgoko Justizia Auzitegian salaketa jarri aurretik. Nolanahi ere, Barrosok adierazi du muturreraino ez iristea espero dutela. «Hungaria familia europarreko kide garrantzitsua da. Ez dugu nahi herrialdearen gainean inolako zalantzarik izaterik printzipio demokratikoen edo balioen inguruan. Zenbat eta lehenago konpondu arazo hau, hobeto».

Zigor prozesuak zabaltzea defendatu du, dena den, Barrosok. «Europako Batasuneko zuzenbidea bermatzeko daukagun irmotasuna erakutsi dugu, estatu kide guztietan EBko zuzenbidearen letra eta espiritua guztiz betetzeko erabakitasuna».

Budapesten erantzuna

Bruselaren eskariari ahalik eta azkarren erantzungo diola iragarri du Orbanen gobernuak. «Bruselaren galderei erantzun sakonak eta zabalak ematea da gure asmoa». Gainera, Budapestek nabarmendu du Hungaria ez dela EBrekin liskar bila ari. Hilaren 24an bilduko dira, hain zuzen, Orban eta Barroso Bruselan, gatazkaren inguruan hitz egiteko.

«Europako Batzordearentzat bezala, Hungariarentzat ere oso garrantzitsua da Banku Zentralaren, Justiziaren eta datuen babeserako agintaritzen independentzia», gaineratu du Budapestek agiri bidez. Nolanahi ere, Orbanek salatu du Hungariako oposizioko alderdien kritikek motibazio politikoa dutela oinarrian. Alderdi politikoen arteko borrokek Hungariako politika oztopatu dutela eta «komunisten azken eraginak errotik ebaki» behar dela esan du lehen ministroak.

2010ean iritsi zen boterera Orban, Fidesz muturreko alderdi kontserbadoreak —Kristau Demokraten Alderdiarekin aliantzan— botoen %53 lortu eta Hungariako Parlamentuaren bi herenak bereganatuta. Harrezkero herritarren oinarrizko zenbait eskubide mugatu dituen lege aldaketak egin ditu gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.