Kataluniako egoerarekin kezkatuta dagoela onartu du Europako Batzordeak. Jean-Claude Junckerren gabinete buru Martin Selmayrri gaiari buruz galdetu diote. Europak ohi duen gisan, "Espainiaren barne gaietan" ez dela sartuko esan du, Espainiak konpondu behar duela egoera, baina kezka badutela onartu du. "Adi egon behar dugu gertatzen denari, eta dituen ondorioei, haiek direnak direla ere".
Atzoko data du Europako Legebiltzarreko 48 diputatuk sinatzen duten gutunak. Espainiako gobernuburuari idatzitako testua da, eta han, Espainiaren jarrera salatu, eta atzera egiteko eskatzen diote. Azken egunetan erabili duen errepresioarekin, Espainiak "oinarrizko eskubideak" urratu dituela, eta horretaz gain "arazo politikoak konpontzeko okerreko bidea" hartu duela uste dute. Katalunia, "de facto" izendatu gabeko salbuespen egoera batean jarri duela ere txarretsi dute.
Botereen banaketa ez errespetatzea egotzi diote, eta boterea "gehiegikeriaz" erabili duela. Europako estatu demokratikoetan arazo politikoek konponbide politikoa behar duela ohartarazi diote, eta ez poliziala edo judiziala. "Neurrigabeko erasoa" uzteko exijitu diote, errepresioa gelditzeko, eskubide urraketa eteteko, eta segituan, abiatzeko elkarrizketa Kataluniarekin.
Bestetik, Vilaweb agerkari digitalak Romevari eginiko elkarrizketa argitaratu du gaur. Bertan, Romevak nabarmendu du Espainiak azken egunotan erreferendumaren kontra hartu dituen neurriek kezka sortu dutela nazioarteko iritzi publikoan. Hain justu, azken egunotan neurri horien kontrako adierazpenak ugaritu egin dira nazioartean. Romevaren arabera, "horrek adierazten du Espainiako Gobernua ez dela kontziente izan sortu duen arazoaren nazioarteko eraginaz".
Romevaren esanetan, "mundu guztiak galdetzen du honek indarkeria gatazka izaten amaitu ote dezakeen". Kontseilariak adierazi duenez, erreferendumak neurri desberdinean kezkatzen ditu estatuak, baina nabaramendu duenez, "batek ere ez du esan ezin denik egin. Horri eman behar diogu garrantzia".
Romevaren iritziz, nazioartean dagoen kezka ez da hainbeste erreferendumari buruzkoa, Madrilek indarkerian oinarriturako erantzuna emateari lotutakoa, baizik.
Reuters berri agentziak, berriz, erreportai bat argitaratu du gaur, Espainiako Gobernuak Kataluniako erreferenduma eragozteko hartu dituen neurriek nazioartean eragin duten erreakzioari buruz, eta, adierazi duenez, Europako Batasuneko erakundeak eta estatu kideetako gobernuburuak "kezkatuta" begiratzen diote Madrilen jokabideari.
Reutersen berri agentziak adierazi duenez, Europako Batasuneko kideak Katalunian "krisia handitzearen beldur" dira. Rajoyri publikoan babesa adierazi dioten arren, arduratuta daude Espainiako Gobernuaren "estrategia zurruna" bere aurka itzuliko ez ote den.
Berri agentziak jaso duenez, Europaren jarrera ofizialak ez du Espainiako demokraziaren jarduna zalantzan jartzen, eta Kataluniako auzia Espainiako legediaren arabera konpondu beharko litzatekeela dio. Aldiz, azken aste honetan Madrilek hartu dituen erabakiek —besteak beste, Generalitateko goi kargudunak atxilotzeko polizia operazioa bultzatzea— Europari kalte egin diezaioketela uste dute batasuneko agintariek, Reutersen esanetan.