Bruselak Olinpiar Jokoak boikotatzea aztertzeko eskatu die estatu kideei

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak «konpromiso moralak» errespetatzeko eskatu dio Txinari

2008ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Pekingo Olinpiar Jokoen boikota mahai gainean jarri du Europako Parlamentuak, estatu kideei hasiera ekitaldira joateko erabakia aztertu eta jarrera baterakoia har dezaten eskatuz. Boikotaren aukera alde batera uzteko baldintza bakarra ezarri du Parlamentuak: Txinak dalai-lama Tibeteko buruzagi espiritual eta politikoarekin negoziatzeko prestutasuna agertzea. EB Europako Batasunaren barrenean, boikotaren alde lehen urratsa izan da Parlamentuak ia aho batez onartutako ebazpena. Izan ere, orain arte zatiketa izan da nagusi hasiera ekitaldira joango ez direnen eta boikotaren aurka agertu direnen artean.

Europako Parlamentuak onartutako ebazpenak 480 legebiltzarkideren aldeko botoa jaso du; 24k aurka bozkatu dute. Alabaina, ebazpen horrek ez du indar loteslerik; hortaz, Europako Kontseiluak onartu beharko du estatu kideek aintzat hartuko badute. Boikotaren aldeko jarrera baterakoia lortu asmo du Parlamentuaren proposamenak; orain arte, ordea, Erresuma Batua eta Polonia izan diraOlinpiar Jokoetako hasiera ekitaldira ez joatea erabaki duten bakarrak. Hala adierazi zuten herenegun Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak eta Lech Kacynski Poloniako presidenteak. Nicolas Sarkozy presidenteak, berriz, Frantziak boikota egitea posible dela adierazi du.

Europako Parlamentuaren Tibeteko manifestarien aurkako «jazarpen basatia» gaitzetsi du, eta joan den hilabetean izandako liskarrak ikertzeko eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari.

Europako Parlamentuaren ildo beretik, Olinpiar Jokoetako hasiera ekitaldira ez joateko eskatu dio Barack Obama hautagi demokratak George Bush presidenteari Ameriketako Estatu Batuetan. «Txinatarrek Darfurko genozidioarekin amaitu eta Tibeteko herriaren duintasuna, segurtasuna eta giza eskubideak errespetatzeko neurriak hartzen ez badituzte, orduan, presidenteak boikot egin behar lioke ekitaldiari», adierazi du Obamak.

Hillary Clinton hautagai demokrata eta Obamaren aurkariak ere presidenteak boikota aintzat hartu beharko lukeela adierazi du. Aldiz, Txinaren jazarpena gehien pairatu duen herrialdeko buruzagiak, dalai-lamak, txinatarrek Jokoak beren herrialdean egitea merezi dutela berretsi du.



ZUZIAREN IBILDEA KOLOKAN. «Olinpiar Jokoak Pekinen egiteak gizarte gaietan aurrera egitea ekarriko lukeela ziurtatu zuten Pekin 2008 hautagaitza aurkeztu zutenek, baita giza eskubideei dagokionez aurrera urratsak egitea ere». Hain zuzen, bere garaian hartutako «konpromiso moralak» errespetatzeko eskatu dio Txinari Jacques Rogge NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak. Tibeteko jazarpena salatuz, giza eskubideak bermatzeko eskatu dio Pekini.

Txinak, ordea, «garrantzirik ez duten faktore politikoak» alde batera uzteko eskatu dio NOBi. «Nazioarteko Olinpiar Batzordeko ordezkariek Jokoak sostengatu eta olinpiar agiriarekin bat egiten dutela uste dut. Hain zuzen, kartak jasotzen du garrantzirik ez duten faktore politikoek ez dutela esku hartu behar honetan guztian», azaldu du Jiang Yu Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Bestalde, Olinpiar Jokoetako zuziaren eta Txinaren aurkako protestek krisia eragin dutela onartu du Roggek. Izan ere, Txina eta NOBeko ordezkariak bildu ziren atzo zuziaren ibilbide moldatu edo bertan behera uzteko aukerak eztabaidatzeko. Ez dirudi, ordea, bilera horretan ekitaldiak bertan behera uzteko erabakirik hartuko dutenik, Txinak nola edo hala ibilaldiarekin jarraitzeko asmo irmoa agertu baitu azken egunetan.

Londresen (Erresuma Batua) eta Parisen (Frantzia) gertatutakoa saihesteko eskura duten guztia egingo dutela dirudi, ordea; baita milaka polizia behar badituzte ere horretarako, edota ibilbidea bera aldatu behar badute ere. San Frantziskon (AEB) hala egin zuten herenegun, aurreikusitako ibilbidea bertan behera utzita, manifestaririk gabeko kaleetan barna eraman zuten zuzia. AEBetan bezala, Jakartan (Indonesia) ere ibilbidea aldatuko dutela aurreratu dute.



NBEko adituek kezka agertu dute Tibeteko eskubideen gainean

Tibeten bizi duten egoeraren gainean «benetako kezka» agertu dute giza eskubideen alde lanean diharduten NBE Nazio Batuen Erakundeko zazpi adituk. Gainera, kazetariei eta ikuskatzaile independenteei Tibetera joateko erraztasun guztiak emateko eskatu diote Txinari. Iragan hilabeteko protestetan Poliziak atxilotu zituen manifestariak askatzeko ere galdegin dute.

«Manifestariei eta atxilotuei nazioarteko zuzenbideak agintzen duen gutxieneko tratua eman behar zaie, bai Txinan, baita protestak gertatzen diren munduko beste edozein herrialdetan ere». Adierazpen askatasunaren gainean nahiz biltzeko eskubidearen gainean Txinak hartutako konpromisoak betetzeko eskatu diote Pekini. Bestalde, Txinako hedabide batek aditzera eman duenez, Gansu probintzian liskarretan parte hartu zuten 2.204 lagunek «bere burua entregatu dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.