Bruselak salatu du Txetxenian sistematikoak direla torturak

Errusiaren aldeko lehen ministroak kartzela sekretuak daudela ukatu, baina torturak onartu ditu

2007ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Txetxenian dauden preso ugarik torturak salatu dituzte eta, ziur naiz, ez direla kasu bakan batzuk, baizik eta jokaera sistematiko baten parte direla». Thomas Hammarberg Europako Kontseiluko giza eskubideen komisarioaren hitzak dira. Txetxenian izan da hiru egunez eta hainbat kartzela bisitatu ostean egin ditu adierazpenak: «Aitorpenak lortzeko tortura baliatzen da sistematikoki. Praktika honekin berehala amaitu behar da». Grozni hiriburuko espetxean dauden preso batzuekin mintzatu da Hammarberg: «Hainbat presondegi bisitatu ditut eta hainbat atxiloturekin bildu ondoren, ziurtatu didate torturaren eta onartuak ez dauden metodoen biktima izan direla eta kexu direnak zigor zorrotzagoak nozitzen dituzte».

Ramzan Kadirov Errusiaren aldeko lehen ministroarekin bildu zen atzo Hammarberg. Kadirovek kartzela ezkutuak daudenik ukatu zuen baina, bahiketak geldiaraziko dituela hitzeman zuen.

Errusiako Federazioaren barne dagoen errepublika kaukasiarrean egunotan egin den giza eskubideen egoerari buruzko konferentzian izan da Hammarberg. Europako Kontseiluko giza eskubideen komisarioak lehen bai lehen neurri batzuk hartzera deitu zituenagintariak, hala nola «tortura egileak bilatzera, epaitzera eta zigortzera». Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioak, besteak beste, preso gehienak atxiloketa gune ezkutuetan daudela salatu du.

Nudri Nuiazhiev Txetxeniako arartekoak jakinarazi berri du oraindik ere 2.700 pertsona daudela desagertuta Txetxenian. Amnesty International eta Human Rights Watch erakundeak nazioarteko konferentzian parte hartzeari uko egiteaz gain, boikotatzeko deia egin zuten.



UKAZIOA ETA MOSKURI ERRUA BOTATZEA. Kadirovek errepublika kaukasiarraren boterea bere gain du aspaldiko urteetan eta bertan atxiloketa gune ezkutuak daudenik ukatu zuen atzo. Txetxeniako independentziaren aldekoen salaketak dira horiek bere ustez. Ehunka herritarren desagerpen berri ematen dituzten testigantzei, aldiz, ezin izan dio muzin egin Kadirovek. Desagerpenak geldiarazteko hitza eman zuen, ildo horretan, lehen ministroak: «Presidente izendatzen banaute, hitz ematen dut bahiketarik ez dela izango geroan eta horrelakoak egiten jarraituko dutenak zigortuak izango direla».Giza eskubideen aldeko konferentzian egin zuen promesa.

Gobernuz kanpoko erakundeek torturaren erabilera sistematikoaz plazaratutako lekukotasun eta salaketak ukatu ezinean, erantzukizuna besteei bota zien Kadirovek: Errusiako Barne Ministerioari. «Ministerioko barne ikerketa saileko arduradunari behin eta berriro ohartarazi diot arazo hauek bazeudela, baina aldioro erantzun argiak edo konpromisoak hartzea saihestu du». Nazioarteko erakundeek, baina, agerian utzi dute atxiloketak eta torturak egiten dituztenak lehen ministroaren ardurapean ari direla.

Kadirovtsy -Kadiroven gizonak- unitate paramilitarrekoak ari dira bere izenean.



Ramzan Kadirov gaur egingo dute presidente, Putinek hala eskaturik

Ramzan Kadirov, orain arte lehen ministro kargutan zegoena, presidente izendatuko du gaur Txetxeniako Legebiltzarrak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak izendapenaren alde zegoela azaldu zuen atzo, beraz,bere menpe dauden legebiltzarkideek presidente berriaren alde bozkatuko dute. Akhmat Kadirov 2003ko urritik2004ko maiatzaren 9a arte egon zen presidente karguan, hain zuen ere, erresistentziaren atentatu batean hil zuten arte.Akhmat Kadirov zenaren semea da Ramzan. Iazko martxoan lehen ministro kargura izendatu zuten.Alu Alkhanov presidenteak otsailaren 15an dimititu zuen.

Aslan Maskhadov presidente independentista 2005. urteko martxoaren 8an hil zuten zerbitzu sekretu errusiarrek. Maskhadov garaile atera zen 1997. urteko urtarrilean egindako hauteskundeetan.Errusiak ez zituen boz hauen emaitzak onartu.





Txetxeniarrak,

elkarren etsai
Errusiaren aurka bi gerra egin dituzten txetxeniarrak elkarren etsai bilakatzea lortu du Moskuk, kolaboratzaileen jokabide zitalaren laguntzaz.
a. sokarros

Herri bat indarrez edo jukutriaz- nahiz bi jokaerak baliatuz- menpean hartu duten hainbat herrialde kolonizatzailek erabili izan ohi duten jokabidea muturreraino eraman du Errusiak. Txetxeniantxetxeniarrak beraien artean etsai izatea lortu du Moskuk. Egitate zital horretan kolaborazionista sutsuak izan ditu laguntzaile.

Errusiak indarrez menpean hartu izana inoiz ez du onartu Txetxeniak. Gertakari historiko garaikideak soilik aipatzearren, bi gerra izan dira horren lekuko: lehena 1994. eta 1996. urteen artekoa eta, bigarrena, 1999ko irailean piztu zena -Errusiak 2000. urteko otsailean irabazitzat jo zuen-. Bi gerra horietan, dozenaka mila txetxeniarrek bizia galdu dute, horietatik gehienak zibilak.

Bigarren gerrak, baina, ezberdintasun aipagarri bat izan zuenlehenengoarekin alderatuta. Moskuk,amarruz eta jukutriaz jokatuta, aurretik etsai zituen asko aliatu bihurtzea eta independentziaren aldeko borrokari eusten ziotenen aurka jarraraztea lortu zuen. Akhmat Kadirov tartean. Errusiaren kontra gogor aritu zen 1994 eta 1996ko gerran Kadirov. Moskuk, alta, buruzagi txetxeniarra bere alde jartzea lortu zuen.

Errusiak bere aginduetara egongo zen «aginte txetxeniar» bat jarri zuen martxan 2001. urteko apirilean. Grozni hiriburu suntsitu ostean egin zuen hori. Orduz geroztik, jokabide zital hori indartuz joan da. Akhmat Kadirov presidentea 2004. urteko maiatzaren 9an hil zuen erresistentziak eta haren semeak mutur-muturreraino eraman du jarrera hori. Moskuk emandako dirua lagun eta ekonomia baliabideak bere eskuetara bilduta, txetxeniar ugari bere zerbitzura jarri ditu Ramzan Kadirovek.

Kadirov semeak bere inguruan eratutako paramilitarrek mugagabeko indarkeria ekintzak egin dituzte, lege guztiak urratuz. Ekintza horien artean dago torturaren erabilera sistematikoa. Grozniko aginteari nahikoa sostengu agertzen ez diotenak edo independentziaren alde borrokan ari direnak dira torturen biktima nagusiak.

Txetxenia aske eta burujabe baten alde zeuden asko eta asko, izuaren jokaera honekin, bereganatzea lortu du Kadirovek. Bere- ganatu soilik ez, independentziaren aldeko borrokari eusten diotenen kontra basaki jardutera ere bai. Errusiak, jakina, ez ditu agintearen basakeria eta zitalkeria horiek eragotzi, bai, ordea, sustatu edo gutxienez babestu.



MUTURREKO ISLAMISTEI MESEDE.Kremlinek ahalegin guztiak egin ditu ere bai nazioartean begirunez ikusiak zeuden agintari independentistekin akabatzeko. 1997ko urtarrilean hauteskundeetan presidente aukeratu zuten Aslan Maskhadov Txetxenian. Errusiako zerbitzu sekretuek 2005. urteko martxoaren 8an hil zuten hura.

Maskhadoven heriotzak, Errusiaren aurka borrokatzen diren Txetxeniako islamista integristei egin zien mesede. Samil Basaiev buruzagiaren aginduetara zeuden txetxeniar ekintzaile islamista hauek 2004. urteko otsailaren 1ean Beslango (Ipar Osetia) eskolan gertatu zenbahiketaren erantzuleak izan ziren. Maskhadov presidenteak ekintza hau gaitzetsi zuen -indar errusiarrak indarrez sartu ziren eskolan bahiketa modu odoltsuan amaituz-.Basaiev iazko uztailaren 10ean hil zuten Ingushetian.

Ororen buru, beraz, txetxeniarren artean zatiketa eragitea lortu du Moskuk. Kadiroven jarraitzaile direnen eta Txetxenia burujabe baten aldeko borrokan dihardutenen artean. Txetxeniaren independentziaren aldekoen artean ere, zatiketaren fruitu pozoituak hazi ditu Kremlinek. Sufi islam aurrerakoiaren alde zeuden txetxeniar musulman asko wahabita islamista integristen alde jarrarazita. Gauzak horrela eta etengabeko indarkeria giro honekin etsituta, txetxeniar gehienen gaur egungo asmo bakarra ahal bezala bizitzen jarraitzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.