Zimbabweko presidente Robert Mugabek 89 urte ditu, eta 33 daramatza boterean, hauteskunde iruzurra eginaren susmopean. 1924an jaio zen, Harare hiriburutik gertu, eta irakasle eta zurgin baten semea da. Irakasle izan zen, eta guztira sei titulu unibertsitario ditu; zuzenbidekoa, esaterako. 36 urterekin eman zion hasiera bere ibilbide politikoari: Zimbabwek Erresuma Batutik independentzia lortzearen aldeko talde batzuetako militante izan zen. Horregatik, kartzelatu egin zuten 1964an.
Hamar urtez egon zen kartzelan, eta gerora erbestean bizi izan zen. Lancaster Houseko akordioen sinatzaileetako bat izan zen, herrialdeari Rhodesia izena kendu, eta 1980an onartutako Zimbabweko Errepublikari ateak irekiz. Lehen hauteskundeetan, errepublika sortu berriko lehen ministro bihurtu zen. 1987an kargu hori kendu eta presidentearena sortu zuten, eta gaur egun arte bete du ardura hori, ZANU-PF alderdiko buru gisa, sinesgarritasun gutxiko hainbat hauteskunderen ondoren. Azken hauteskundeak 2008an egin ziren, polemika eta odol isurtze handien artean: MDC Aldaketa Demokratikoaren Aldeko Mugimendua oposizioko alderdiaren aldeko 200 lagunetik gora hil eta milaka torturatu zituzten. Hauteskundeen ondoren, Mugabek esan zuen "Jainkoak soilik" apartatu ahal zuela boteretik. Egoerak bultzatuta, bi alderdiek batasun gobernua eratu zuten, eta Mugabek MDCko buru Tsvangirairekin banatu zuen boterea. 90 urte betetzeko bidean, independentziako heroi gisa zuen prestigioaren zati bat galdu du, baina oraindik badu babesa, eta zimbabwetarrek 1980an hasitako "iraultza" amaitzeko bere beharra dutela uste du.