Politikako Jesu Kristo naiz. Soilik Napoleonek egin zuen nik egin dudan baino gehiago. Baina, bistan denez, hura baino garaiagoa naiz ni». Silvio Berlusconik (Milan, 1936) ez du erreparorik bere burua deskribatzeko orduan. Italiaren historian —1861az gero— gobernuburu karguan urte gehien egin duen hirugarren politikoa da Berlusconi, eta hiru hamarkadan izaniko auziei eta eskandaluei beti arrakastaz aurre egin ostean, errabiaz, derrigorrean altxatu da Erromako besaulkitik, herrialdearen egoera ekonomikoa itolarrian lagata. Badoa Berlusconi, eta azkenetan da haren aroa, baina itzal luzea laga du Italiako politikan zein gizartean, eta Erromatik Milanera bueltatu arren, bere eskuetan ditu oraindik ere botereari lotutako zenbait hari. Italiako pertsonarik aberatsenetakoa da Forbes aldizkariaren arabera, 6.500 milioi euroko ondasunarekin; herrialdeko telebisten %90 ere harenak dira.
Italiako herritarrak seduzitzea izan da Berlusconiren gakoa, lau aldiz lortu baitu lehen ministro izateko babesa. «Pobrea izandakoa naiz. Neuk egindako lanari esker sortu dut orain naizen guztia. Futbola gustatzen zait. Maite dut bizitza, eta maite dut dibertitzea». Behin eta berriz errepikatu du ideia bera Berlusconik, eta 1990eko hamarkadan Italiako gizartean ongi barneratuta geratu zen. Herritarrek ispilua balitz bezala begiratu diote, lilura nazka bihurtu den arte. «Berlusconik ezerezetik abiatuta gora egitea lortu badu, neuk ere lor dezaket».
Negozio gizonen jauna
Milango erdi mailako familia batean jaio zen 1936an. Lehen sosak itsas bidaldietan kantatzen eta atez ate erratz elektrikoak saltzen irabazi zituen gaztetan. Milango unibertsitate publikoan zuzenbidea ikasi zuen, eta 1961ean lizentziatu baino lehen, Parisko Sorbona unibertsitatean egin zituen sei hilabete. Egunez ikasi eta gauez kantatu, klubetan abesten zuen, dirua ateratzeko. Ordukoak ditu bere lehen gona-eskandaluak. Josianne izeneko striper-a ezagutu zuen, eta bikote izan ziren. Luigi Berlusconi aitak «gaueko emakume batekin» bizi zela jakin bezain laster, Milanera bueltatzera behartu zuen.
Ikasketak bukatu zituen urte berean sortu zuen bere lehen eraikuntza enpresa Milanen, eta negozioak gora eta gora egin zuen, negozio gizon ospetsu bihurtzeraino. 1977an Giovanni Leone orduko Italiako presidenteak Cavaliere del lavoro (Negozioetako gizon prestua) izendatu zuen; hortik, IlCavaliere ezizena. Dena den, negozioen arloan ere, hasiera-hasieratik inguratu zuten ustelkeria zantzuek. 1961ean, lehen enpresa sortu zuenean, Milango Rasini Bankuak —Italia iparraldeko mafiak batez ere banku horretan zuritzen zuen dirua— sekulako bermea eman zion; finantzaketari dagokionez, berriz, 1970eko hamarkadan Suitzako kontu batzuetatik jaso zuen diru gehiena. Hainbat epaiketa izan zituen bere enpresen finantzaketa argitzeko, baina onik atera zen, besteak beste, Suitzako banku-sekretuari esker.
Eraikuntza alde batera laga gabe, telebistaren negoziora salto egin zuen 1974an. Milano 2 izeneko urbanizazio pribatua eraiki zuen Milanen, eta Telemilano izeneko katea sortu zuen urbanizaziorako. Auzoko katea, baina, hiriko kate bihurtu zen, eta eskualdekoa, eta herrialde osokoa. 1979an Telemilano Canale 5 bihurtu zen. 1980ko hamarkadan Italiako beste bi telebista kate erosi, eta Europara egin zuen salto: Le Cinq sortu zuen Frantzian, Telefunf Alemanian eta Tele 5 Espainian. Egun, Espainiakoa da segitzen duen bakarra.
Eraikuntza eta telebista nahikoa ez, eta Italiako argitaletxe nagusien, hainbat egunkariren, eta ikus-entzunezkoen banaketaren jabe egin zen. Kirolaren merkatuari ere kosk egin dio Berlusconik: 1986az geroztik A.C. Milan futbol taldearen jabea da.
Politikara saltoa
Interes pertsonalen mesedetan hasi zen Berlusconi politikan publikoki esku hartzen. 1977an izan zen, eta PSI Italiako Alderdi Sozialistaren alde egin zuen. Bettino Craxi sozialista zen gobernuburua, eta 1980ko hamarkadan oso harreman estua izan zuen harekin. Telebista pribatuaren aldeko politikak egin zituzten sozialistek, eta 1986an Berlusconi dekretua izenekoa onartu zuten. Onuradun nagusia, jakina, Berlusconi bera zen. Ordainetan, 1992. urtera arte, PSIren hauteskundeetako mezuak eta iragarkiak hedatu zituzten Milango negozio gizonaren telebistek.
Botere gosea ase ezinda, ordea, 1994an bere burua Italiako politikaren lehen lerroan jartzea erabaki zuen: Forza Italia alderdia sortu eta hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuen. Baina legea kontra zuen, Italiako legediaren arabera ezin baita bozetara aurkeztu estatutik pisu ekonomiko handiko kontzesio edo baimen administratiboak jaso dituen inor. Ez zen kikildu, ordea. Bere enpresetan dimisioa eman, eta semeen eta gertukoen esku utzi zituen, bere jabegoan mantenduz. Bozak baino hilabete batzuk lehenago hauteskunde batzordeak ontzat eman zuen haren hautagaitza —diputatuen herenak ez ziren bozketara joan—. Eroskeria zantzuak, beste behin.
Hauteskunde kanpainako tresna nagusitzat bere hedabideak erabili ostean, irabazi egin zituen 1994ko bozak. Baina gutxi iraun zuen boterean, zazpi hilabete eskas. Mafiarekin loturak izatea leporatu, eta babesa kendu zion Lega Nord aliatuak. Gobernu tekniko batek hartu zuen haren lekua, eta 1996ko hauteskundeetan berriz saiatu zen Berlusconi. Romano Prodi zentro-ezkerreko hautagaiak irabazi zuen orduan, eta Berlusconik oposizioan itxaron zuen 2001era arte.
CDL Askatasunaren Etxea zentro-eskuineko koalizio zabalaren garaipenarekin egin zen bigarrenez lehen ministro 2001ean. 2005eko apirileko lekuko bozetan zentro-eskuinak izandako beherakadaren harira dimisioa eman zuen Berlusconik, eta bi egun geroago gobernu berria eratu zuten ostera ere bera lehen ministro zela. 2006an Prodik irabazi zituen berriro hauteskundeak, baina bi urte iraun zion agintaldiak. Alderdiaren izena hirugarrenez aldatuta, Berlusconiren PDL Askatasunaren Herria koalizioa gobernura iritsi zen 2008ko apirilean, gehiengo oso zabalarekin.
Urtebete geroago, gurutze bidea hasi zitzaion Berlusconiri, bai arlo politikoan, bai pertsonalean. Batetik, Gianfranco Finik eta beste 25 diputatuk PDL utzi, eta alderdi berri bat osatu zuten legebiltzarrean, Berlusconiren gehiengoa kolokan jarriz; bestetik, Italiako Auzitegi Konstituzionalak Berlusconiri immunitatea ematen zion Alfano legea baliogabetu zuen, eta horrek zabalik dituen bost auzien aurrean babes gabe utzi du.
«Pornokraziaren aita»
Eskandaluek Berlusconiren ibilbide politiko osoa zipriztindu dute, baina 2009az geroztik izan dituen sexu eskandaluek oihartzun berezia izan dute. Noemi Letizia auzia izan zen lehena. Adingabeko neskatoak papi deitzen zion 75 urteko gobernuburuari, eta Berlusconi haren 18. urtebetetze festan izan zen. Veronica Lario bigarren emazteak dibortzioa eskatu zion berehala, «adingabeekin ibiltzen den gizon baten ondoan» ezin dela egon esanez —Berlusconik 1980an ezagutu zuen Lario aktorea, Maria Elvirarekin ezkonduta zegoenean: bi seme izan zituen lehen emaztearekin eta hiru bigarrenarekin—.
Milango Arcore egoitzan, Erromako Graziolin —lehen ministroaren jauregian—, eta Sardiniako etxean neska gazteekin egiten zituen festen inguruko hainbat adierazpen argitaratu ziren. Patrizia S'Addario luxuzko prostitutak Berlusconirekin oheratu izana baieztatu zuen. Azkenik, iragan abenduan Ruby auzia atera zen argitara: Marokoko neska adingabe batekin diru truk sexu harremanak izatea leporatu zioten lehen ministroari, eta epaitegietara deitu zuten, ustezko adingabeen prostituzioa eta botere gehiegikeriagatik.
«Ez naiz santu bat» eta «hobe da neska politak gustuko izatea homosexuala izatea baino» esaldiekin erantzun zien Berlusconik haren kontrako kritikei. Eta, parlamentuko gehiengoa baliatuz, disimulu barik eraiki du bere ustezko delituetatik libratzeko legezko ezkutua. Horren adibide dira, besteak beste, immunitatea ematen zion Alfano legea —Auzitegi Konstituzionalak baliogabetua— eta Entzuketak debekatzeko legea, komunikabideei entzuketak argitaratzea galarazten diena. Guztira, 24 auzi judiziali egin dio aurre lehen ministroak, eta bakar bat ere ez du galdu. Egun, kontrako bost auzi ditu zabalik.
Eskandaluena, beraz, ez da azken bi urteotako kontua Berlusconiren ibilbidean. Aitzitik, politikan showman gisa aritu izanagatik «pornokraziaren aita» izatea egotzi diote Italiako milaka herritarrek kaleetan egindako manifestazioetan. Berak, ostera, behin eta berriz nabarmendu ditu bere andre zaletasuna, ahoberotasuna eta arkeria. Maitale zerrenda luzea izateaz harro agertu izan da—eta batzuei lekua ere egin die politikan—: «20 eta 30 urte arteko neskei galdetu diete ea nirekin larrua joko luketen. %33k baietz erantzun dute. Gainontzeko %67k zera erantzun dute: berriro?». Berlusconirenak dira hitzak.
Nazioarteko politikan bereziki George Bushekin, Vladimir Putinekin eta Muammar Gaddafirekin izan du harreman ona. Baina haren adierazpenek eta keinuek behin baino sarriago sortu dute zalaparta. Barack Obama «gaztea» eta «itxura ederrekoa» izateaz gain «beltzarana» dela nabarmendu zuen, «eta hori beti da abiapuntu ona». Etxean berriz, L'Aquilako lurrikara izan zenean, 2009an, hara joan eta zera esan zien etxerik gabe larrialdietarako kanpalekuetan bizi zirenei: «Asteburua kanpaldian pasatzea balitz bezala ikusi behar zenukete».
Boteretik erori den honetan ere, ez da hautsak harrotu barik geratu. Benito Mussolini diktadorearekin parekatu du bere burua, lehen ministro gisa nahi adina botere ez duela eta. «Gobernuburu gisa baino botere gehiago dut herritar gisa. Mussolinik Claretta maitaleari bidalitako gutunei buruzko liburu bat irakurri dut, eta hala dio: 'Ez naute kontuan hartzen. Gomendioak baino ezin ditut eman'. Egoera berean sentitzen naiz ni ere».
Iragan asteartean, legebiltzarrean bere bakardadea irudikatu aurretik, Julio Zesarrekin parekatu zuen bere burua: «Hilko banaiz, parlamentuan hilko naiz». Duela 2.000 urte inguru Brutus eta konpainiak eginiko konspirazioarekin parekotasuna eginez. Alabaina, Erromako beste enperadore baten antz handiagoa hartu dio zenbaitek Berlusconiren amaierari. Neronena, hain zuzen, Erroma sutan zegoen bitartean lirarekin musika doinu berriak sortzen aritu zen enperadorea. Izan ere, iragan azaroaren 4an, Italiaren arrisku saria erreskaterako zenbakietara iritsi zen egunean bertan iragarri zuen Il vero amore izeneko diskoa argitaratuko duela hilabete honetan. Sanba doinuak kantatuko ditu.•
Italia. Gobernu aldaketa. Silvio Berlusconi
Bufoi boteretsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu