Burundiko armadako ofizial batek adierazi du Pierre Nkurunziza presidentea kargugabetu dutela, hirugarren legealdi batera aurkezteko asmoagatik. Presidentea Tanzanian dago, hain zuzen ere Burundiko gatazkari buruz eztabaidatzeko bilkura batean. Burundiko Gobernuak, Niyombaren iragarpena gaitzetsi du. "Ez da estatu kolpe bat, txantxa bat da", adierazi dio Willy Niyamitwe presidentearen idazkariak. Hegoafrikako Gobernuaren arabera, "goizegi" da estatu kolpe batez hitz egiteko. Azken asteetan liskar larriak izan dira protestarien eta segurtasun indarren artean, eta gutxienez 22 lagun hil dira. 40.000 lagunek herrialdetik ihes egin dute.
Godefroid Niyombare jeneralak armadaren izenean hitz egin du soldaduek hartutako irratian: "Herritarrek irmo ukatu dute Nkurunziza presidentearen hirugarren legealdi batera aurkezteko nahia. Beraz, presidentea kargugabetu dugu. Gobernua kanporatua izan da".
Jeneral kolpistak azaldu duenez, "salbazio batzorde" bat ezarriko dute gobernua ordezkatzeko. Gutxienez armadako eta Poliziako bost jeneralek osatuko dute batzorde hori, eta haren helburua "nazio batasuna" berrezartzea eta "bake giroan hauteskunde justuak" antolatzea izango da. Reuters agentziaren arabera, kalera ateratako jendetzak protesta egiteari utzi dio eta iragarpena ospatzen hasi da.
Hauteskundeetara aurkeztu eta irabaziz gero, Nkurunzizak hirugarren legegintzaldia egingo luke jarraian boterean. Oposizioaren ustez, konstituzioak hori debekatzen du. Nkurunzizaren aldekoek diote, ordea, ez duela konstituzioa urratzen, lehen legegintzaldian ez baitzuten herritarrek hautatu; parlamentuko bi ganberek egin zuten presidente, 2005ean. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion presidenteari, baina erabaki horrek ez du egoera baretu.