Atzo goizaldeko seietan bete zen Sirian su-etena ezartzeko ultimatuma. Bertze behin, gobernuak eta oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak bertsio kontrajarriak eman dituzte gertakarien inguruan, Damaskok armada hirietatik erretiratu duela adierazi duen arren, SNCk neurri hori «partzialki» bete dela erran duelako. Dena den, Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezi eta bake planaren egileak jakinarazi du «itxura batean» borrokak eten direla, eta lehen orduetan egoera «nahiko lasai» dagoela. Gatazkaren bi aldeek, ordea, elkarri erantzuteko mehatxu egin diote erasoren bat jasanez gero, eta, horrek su-etena hauskor egin dezakeelakoan, Annanek NBEko Segurtasun Kontseiluari eskatu dio «ahal duen agudoen» bidaltzeko behatzaileak Siriara.
Bai gobernuak, bai oposizioko SNC plataformak eta Siriako Armada Askeak adierazi dute su-etena beteko dutela, baina biek eman dute indarkeria ekintzen berri. Estatuko Sana agentziaren arabera, Halaben —ipar-ekialdean, herrialdeko hiririk handienean— soldaduak zeramatzan autobus baten aurka lehergailu bat zartarazi zuten, eta militar bat hil. Atentatua «talde terroristek» egin dutela dio Sanak. Siriako Armada Askeko koronel Qasem Saadeddinen arabera, ordea, erasoa gobernuaren «maniobra bat» izan da, su-etenarekin hartutako konpromisoak «saihesteko».
Hogei hildakoren berri
SNC plataformak, berriz, aitortu du «neurri handi batean» estatuko indarrek ez dutela tirorik egin, baina indarkeria ez dela «erabat» gelditu salatu du. Basma Kodmani bozeramailearen arabera, ipar-ekialdeko Idlib probintzian bi lagun hil dituzte, eta hegoalderago, Haman, bertze bat. SNCko parte diren Herri Koordinaziorako Batzordeek gero hogeira igo dute hildakoen zifra. Azken hilabeteetan talde hori izan da hildakoen zifrak eman dituen ia iturri bakarra.
Kodmanik dioenez, erretiratzea ez du gauzatu gobernuak, eta tankeei hiriguneetan eutsi die. «Dozenaka atxiloketa» egin dituztela ere salatu du SNCko bozeramaileak. Kodmaniren arabera, jendeari manifestazio baketsuak egiten uztea da «gobernuak su-etena errespetatzen duela erakusteko froga erreala».
Mehatxuak batak bertzeari
Menia hauskorra den seinale dira bi aldeek elkarri egindako mehatxuak eta ohartarazpenak. Atzerri Ministerioko bozeramaile Jihad Makdissik BBC kateari erran dio, adibidez, Damasko «erabat konprometitua» dagoen arren operazio militarrak geldirik egonen direla soilik «estatuaren aurkako indarkeria armaturik ez badago». Matxinoei «neurriko indarrarekin» erantzuteko eskubidea dutela defendatu du. Siriako Armada Askeko koronel Saadeddinek erantzun du, ordea, gobernuak ez baditu «bonbardaketak gelditzen» eta tankeak hirietatik ateratzen «operazio militarrak areagotuko» dituztela eta erasoak egiten hasiko direla.
Hori dela eta, Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak erran du su-etena «hauskorra» dela oraingoz. «Tiroren bat baldin badago, nahiz eta txikia izan, bi aldeek borrokara itzultzeko aitzakia edukiko dute». Su-etenarekiko eszeptizismoa ulertzen duela erran du Banek, eta horren arrazoia Siriako Gobernuaren bizkar paratu du, «iraganean promesa anitz hautsi» dituelako. Hala ere, Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak «animatuta» dagoela adierazi du, eta egoera egonkortzeko hurrengo ezinbertzeko pausoa NBEren behatzaileak bidaltzea dela nabarmendu du. Mandatari berezia atzo bertan mintzatu zen Segurtasun Kontseiluko kideekin bideokonferentziaz. Horren ondotik, Errusiak NBEn duen enbaxadore Vitali Txurkinek jakinarazi zuen «agian» gaur onartuko duela Segurtasun Kontseiluak behatzaileen misioa. Hillary ClintonAEBetako Estatu idazkaria ere «ahal den azkarren» bidaltzearen alde agertu da, baina ez du zehaztu Segurtasun Kontseiluak noiz erabaki dezakeen hori.
Bai Siriako Gobernua, baita oposizioko SNC plataforma ere behatzaileak hartzearen alde agertu dira. Atzerri Ministerioko bozeramaile Makdissik jakinarazi du Annani eskutitz bat helarazi diola su-etenaren behaketa hasi dezan eskatzeko. SNCko bozeramaile Kodmanik ere erran du bere erakundearen «lehentasuna» dela NBEko behatzaileak «lehenbailehen» ailegatzea Siriara.
Behatzaileak Siriara ailegatu bezain pronto elkarrizketa politikoak abiarazi behar lukeela erran du Annanek. SNCk, ordea, trabak paratu ditu. Baxar al-Assad presidentearekin eta gobernuko kideekin ez dutela negoziatuko erran du Kodmani bozeramaileak, eta Al-Assadek boterea uzteko helburuari ez diotela inoiz uko eginen aldarrikatu du. Atzerri Ministerioko bozeramaile Makdissik SNCri erran dio «herrialdearen alde zerbait egin nahi» badu, «elkarrizketa mahaira etorri» beharko duela. NBEko idazkari nagusi Banek jakinarazi du Robert Mood Norvegiako armadako jenerala «aurki» bueltatuko dela Siriara hango agintariekin behatzaileen misioa prestatzeko.
Nazioarteko erreakzioak
Nazioartean, berriz, su-etena ezartzeko epe amaieraren inguruko erreakzioak esperotako bidetik joan dira. Clintonen ustez Siriako Gobernuaren «lehen pauso hauskor bat bakarrik» izan da. Txina, ordea, pozik agertu da meniarekin. «Sirian tentsioa baretzea ekarriko du, eta gatazkaren konponbiderako pauso garrantzitsua da», erran du Atzerri Ministerioko bozeramaile Liu Weiminek. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek, berriz, «zalantzak» dituela erran du. Azken egunetan mugako lurraldeak inbaditzeko aukera aipatu du Ankarak, errefuxiatu oldea dela-eta segurtasuna bermatzeko argudioarekin. «Turkiak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, bai bere kabuz, bai NATOrekin elkar hartuta», adierazi zuen atzo Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak. NATOko bozeramaile Carmen Romerok erran du aliantza «hagitz hurbiletik» ari dela jarraitzen Siriako gatazka, Turkiak laguntza eska diezaiokeelakoan.
Bukatu da atzera kontua
Sirian borrokak «itxura batean» eten direla jakinarazi du Annanek; armada erretiratu duela dio gobernuak, SNCk ukatu arrenAnnanek Segurtasun Kontseiluari eskatu dio behatzaileak lehenbailehen bidaltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu