Siriako kurduen YPG Herriaren Babeserako Unitateek bukatutzat eman dute EI Estatu Islamikoak Kobane hiriaren aurka egindako erasoaldia. Ohar batean adierazi dutenez, borrokan ari ziren EIko azken kideak hiriko hiru gunetan inguratuta zeuzkaten, eta jakinarazi dute eguerdirako erresistentzia oro zanpatu dutela. YPGen azken datuen arabera, hiru eguneko erasoaldian EIk 201 zibil hil ditu Kobanen, eta miliziano kurduek EIko 60 kide hil dituzte, eta bertze hamar bizirik harrapatu. Hiria askatu duten arren, YPGek jakinarazi dute Kobanetik hegoaldera borrokan dihardutela oraindik, EI herrixketatik bidaltzeko.
Muturreko islamistek ortzegunean ezustean eraso zioten hiriari. Iazko irailetik urtarrilera bitarte, 133 egunez setiatuta eduki zuten Kobane, eta zenbait alditan hiria hartzear ere izan ziren. YPGen erresistentziarengatik eta AEBen aireko laguntzarengatik, baina, erasoaldi hark porrot egin zuen, eta, hiri osoa ez ezik, barruti osoa ere berreskuratu zuen kurduen miliziek.