Urtean 100 milioi meteorito inguruk zeharkatzen dute Lurreko atmosfera. Hori egiten dutenean su hartu eta lurrazalera iristerako hauts bihurtzen dira. Meteorito hauetatik asko eta asko ikusi ere ez dira egiten egun argitan, eta hain argi ahula sortzen dute, ezen, gauean ere antzeman ezinak bihurtzen diren. Zenbaitetan, ordea, ikusi, entzun eta usaindu ere egiten dira. Hala gertatu da , besteak beste, Perun. Meteorito batek lurra jo ondoren, horrek sortutako kraterra ikustera hurbildutako herritarrek buruko mina, botalarria eta beherakoa eragiten dien usain arraroa antzeman dutela azaldu dute. Meteoritoak eragindako gaixotasun misteriotsua aztertzen ari dira ordutik hainbat zientzialari.
Boliviako mugatik gertu, Peruko Puno departamenduan egin zuen talka meteoritoak larunbatetik iganderako gauean. Sei metroko sakoneradun eta 30 metroko diametrodun zuloa egin zuen lurrean. Leherketa handi baten hotsak esnarazi zituen Peru hegoaldeko auzotarrak. Gero, suak hartutako hegazkin itxurako objektua ikusi zituzten ortzian, goitik behera abiadura bizian erortzen. Kraterra eta inguruak nola geratu ziren ikusita, meteoritoak lurraren kontra talka egin, eta hainbat metrora zeuden material eta izakiak kiskali zituela ondorioztatu dute. Lurraldeko Polizia Zuzendaritzaren arabera, gertakariak ez zuen pertsonengan kalterik eragin, baina kiskalitako objektuen artean animalien gorpuak egon daitezkeela uste du.
GAIXOTASUN MISTERIOTSUA. Jorge Lopez tokiko osasun gaietarako arduradunak Peruko irrati batean aditzera eman duenez, meteoritoa erori zen inguruko herritarrak buruko minaz kexatu dira larunbataz geroztik. Kraterrak jariatzen zuen usain txarrak beherakoa eta goragalea ere eragiten duela ohartarazi dute askok. Herritarrek salatzen zutena benetakoa ote zen frogatzera joan ziren zazpi polizia ere gaixotu eta ospitalera eraman zituztela esan du Lopezek. Oxigenoa eman behar izan zieten kraterrera hurbildutako zazpi pertsona horiei.
«Irakiten zegoen ura hasi zen ateratzen kraterretik, eta arroka zatiak eta errautsak aurkitu genituen hortik gertu. Auzotarrak oso larrituta daude gertatutakoarekin», adierazi du Marco Limache Puno departamenduko funtzionario batek. «Animaliek ez dute jaten, eta herritar batzuk, duten ikara medio, totelka hasi dira hitz egiten».
Eskualdeko Osasun Zuzendaritzak ikerlari talde bat bidali du krater ingurura, eta hara iristeko bideak itxi egin dituzte. Herritarren artean gaixotzeko beldurra zabaldu bada ere, askok arriskurik eragiten ez duen fenomeno bat baino ez dela uste dute.
ARRISKURIK EZ.Meteoritoek inongo arriskurik ez dutela eragiten uste du Modesto Montoyak, Zientzia Akademia Nazionaleko kideak eta Energia Nuklearraren Peruko Institutuko presidente ohiak. Kalteak eraikinen gainean erortzen direnean baino ez dituztela sortzen azaldu du. Horren haritik, iragan larunbatean eroritako meteoritoak osasun arriskuak sortu ditzakeela ukatu egin du Montoyak.
Meteorito asko erori ohi dira Peru aldean. Gehienak kostaldean. Hala ere, eraikinen gainean erori ahal daitezkeenak kezkatzen du gehien Montoya, horiek biktimak eragin baititzakete. Iragan ekainean Peruko Castilla probintzian beste meteorito batek egin zuen talka.
Buruko min espazialak
Meteorito bat erori da Perun, eta sakoneran sei metro eta diametroan 30 metroko kraterra egin du. Horrek jariatzen duen usain txarrak gaixotu ahal duela uste dute inguruko herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu