Hilberria. Arsala Rahmani

Buruzagi konbertitua

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Arsala Rahmani Afganistanen talibanekin bakea negoziatzeko gakoa zen. Talibanen erregimenean Hezkuntza sailburu izan zenak hasiera-hasieratik hartu zuten parte negoziazioak bideratzeko Bakerako Kontseilu Gorenean. Buruzagi konbertitua izanagatik, baina, onespen zabala zuen gatazkaren bi aldeetan.

Gobernuarentzat bide zuzenaren adibidea zen Rahmani, talibanen buruagi izan zelako lehen eta bake negoziatzaile zelako orain. Hamid Karzai presidenteak harengana jotzen zuen talibanen inguruan kezkaren bat zuen bakoitzean. Matxinoekin harreman zuzenak zituen Rahmanik, eta negoziazioak bideratzeko ahaleginean eman zituen azken urteak. Igandean hil zuten, tiro bakar batez, autoan lanera bidean zihoala. Poliziak dio ongi prestatutako erasoa izan zela, baina ez dakite nork hil duen. Talibanek diote ez dutela zerikusirik hilketarekin, eta, errudun bila hasita, agintariak muturreko matxinoei eta Pakistango zerbitzu sekretuei begira jarri dira. Haren hilketaren ondorioz bakerako bidea luzeagoa izango dela diote herrialdean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.