AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Bush garaile berriro

John Kerry hautagai demokratak porrota onartu eta zorionak eman dizkio telefonoz errepublikanoari

Kristina Berasain Tristan.
2004ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izango da beste lau urtez George Bush hautagai errepublikanoa. Agintariak ia lau milioi bozetako aldea atera zion bere aurkari John Kerry demokratari. Botoen %99 zenbatuta errepublikanoak bozen %51 eskuratu zituen eta demokratak, berriz, %48. Ralph Nader hautagai independenteak bozen %1 lortu zituen.Inkestek bi hautagaien arteko parekotasuna ia erabatekoa zela iragarri zuten arren, errepublikanoaren aldea gero eta nabarmenagoa egin zen bozen zenbaketa aurrera egin ahala. George Bush inoiz boto kopuru handiena lortu duen presidentea izan zen: 58.390.369. Zenbait mementotan, dena den, demokratek garailetzat ikusi zuten euren burua.

Etxe Zuriko idazkari nagusi Andrew Cardek garaipena aldarrikatu zuen aurrenekoa izan zen: «Bush berriro hautatua izan dela ziur gaude». Boto guztiak oraindik ere zenbatu gabe zeudenean egin zituen adierazpenak. Aldea «estatistikoki gaindiezina» zela iritzi zion, ordea, errepublikanoak. John Kerry demokratari «hausnarketa egiteko denbora» emango ziotela iragarri zuen idazkariak. Hautagaiak, dena den, berehala deitu zion garaileari: «Zorionak presidente jauna». Bushek aurkari «sendoa eta ohoragarria» izan zela adierazi zion demokratari: «Kanpaina gogorra izan da eta harro sentitzea espero dut». Bi hautagaiak bost minutuz aritu ziren hizketan telefonoz. Agintariak datorren urtarrilaren 20an berretsiko du bere kargua.

Floridako mamua Ohion

Iowa, Mexiko Berria eta Ohioko bozak, alta, osorik zenbatu gabe daude oraindik. Iowan arazoak izan ziren botoak zenbatzeko tresnekin. Zenbaketa amaitzeko gelditzen den boto kopurua aintzat hartuz ezinezkoa da orain arteko kontaketaren emaitza aldatzea. Mexiko Berriko hainbat eskualdetan zenbaketa atzeratu egin zen, dena den, emaitzak jada argiak ziren.

Duela lau urteko hauteskundeetan Floridan izan zen polemikaren mamua Ohion agertu zen atzo. Posta bidezko 250.000 boto zenbatu gabe daude oraindik bertan eta bi hautagaien arteko aldea 136.221 bozetakoa baino ez da. Ohio estatutik 20 hautatzaile ateratzen dira eta zaila bada ere, azken botoek aldaketak eragin ditzakete emaitzetan. Behin betiko datuak hamaika egunetara emango dituzte ezagutzera.Ameriketako Estatu Batuetako hautatzaileen batzarrak aukeratzen du presidentea. Estatu bakoitzak biztanleen araberako hautatzaile kopuru jakin bat du guztira 538 hautatzaile. Ildo horretan, errepublikanoek 254 hautatzaile eta demokratek 252 atera zituzten hauteskundeetan. Garaipena lortzeko, ordea, gutxienez 270 hautatzaile behar dira. Mexiko Berria (5), Iowa (7) eta Ohio (20) estatuetako hautatzaileek erabakiko dute emaitza.John Edwards presidenteorderako hautagai demokratak «azken botoa» zenbatu arte ezin zela garaipenaz hitz egin ohartarazi zuen: «Gau luzea izan da, baina lau urtez egon gara garaipenaren esperoan eta, ondorioz, beste gau bat egon gaitezke zain. Boto bakoitzarengatik borrokatuko gara».Estatuen emaitzei dagokienez hiru estatuen zenbaketa amaitu gabe dagoela, bakarrean gertatu da kolore aldaketa: New Hampshiren. 2000. urteko bozetan errepublikanoak izan ziren garaile eta oraingoan demokraten esku gelditu da. Bushek 28 estatutan irabazi du eta Kerryk 20tan. Bi hautagaien alde nagusiena Washington D.C. izan da. Bertan hautagai demokratak bozen %90 eskuratu ditu eta presidenteak botoen %9.Parte hartzea, bestetik, azken urteotako altuena izan zen. Ikuskatzaileen arabera %60ra iritsi daiteke 1968. urtetik ez zen lortzen portzentaia hori. Orotara 115 milioi herritarrek eman zuten boza, hain zuzen ere, azken hauteskundeetan baino hamar milioi gehiago. 2000. urtean %51,3 izan zen parte-hartzea. Hauteslekuen aurrean izan ziren ilarak aintzat hartuz, hainbat lekutan luzatu egin zuten boza emateko epea.

-

Datua





88

Errepublikanoak: Bushen botoemaileen %88 zuriak dira eta %2 beltzak. Hispanoen ehunekoa %7 da. Presidentea sostengatu dute gizonen eta emakumeen ehunekoa bera da: %50.

Demokratak: Kerry sostengatu duten herritarren %66 zuriak dira eta %20 beltzak. Hispanoen ehunekoa %10 da. Hautagai demokrataren botoemaileen artean %58 emakumezkoak dira eta %42 gizonezkoak.

-

KONGRESUAREN OSAERA



 

Errepublikanoek gora egin dute bi ganberetan





Kongresuaren bi ganberen osaera hautatzeko bozetan ere gora egin zuen Alderdi Errepublikanoak. Ordezkarien ganberan demokratek bost ordezkari galdu zituzten. Beste bost ordezkari erabakitzeke daude. Senatuan, berriz, demokratek lau senatari galdu zituzten, nahiz eta Illinois estatukoa errepublikanoei kendu. Bi senatari erabaki gabe daude orotara 100 senatari daude eta herenak berritzen dira bozetan.

Barack Obama abokatu beltz demokratak irabazi zuen Illinoisen, hartara, ordezkari beltz bakarra izango da. Halaber, bi hispano izango dira ganberan: Mel Martinez errepublikanoa (Florida) eta Ken Salazar demokrata (Colorado). Azken horrek Pete Coors senatari errepublikanoaren lekua hartuko du. Tom Daschle buruzagi demokratak, alta, galdu egin zuen (Hego Dakota).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.