George Bush badoa. Hilaren 20an, asteartean hartuko du Barack Obamak Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente kargua haren partez. Eta gaur egin du Bushek bere azkeneko diskurtsoa, Washingtonen. "Terrorismoa", "AEBen segurtasuna" eta halakoak izan ditu hizpide. "2001eko irailaren 11tik ez da gure herrian ordukoa bezalako atentaturik gertatu", adierazi du. Al Kaedak ia hiru mila lagun hil zituen orduan.
"Estatubatuarren gehiengoa I-11 aurreko bizimodura itzuli da. Ni ez. Goizero gure herriaren kontrako asmoen txostena jasotzen dut, eta ahal nuen dena egin dut gure herria salbatzeko". Hala, "terroristen" aurka egin du, eta haiek gelditzea lortu duela uste du. Dena den, eta "akats batzuk" aitortu dituen arren, "beti erne" egon beharra dutela iritzi dio, "etsaiek gauzak pazientziaz hartzen dituztelako".
Iraken eta Afganistanen gerran hasi ziren AEBak, eta horretaz "harro" dagoela aitortu du Bushek. "Afganistanen demokrazia gaztea dago orain, terrorismoaren aurka egiten duena eta neskatoak eskolara joatea animatzen dituena".
Ekonomiaz ere mintzatu da, krisiaz. "Gogor lan" egin beharko da, haren aburuz, eta horrela AEBek "berriro hazkunderako bidea" hartuko dute.
Errepublikarra da Bush -zortzi urtean egon da presidente karguan-, demokrata Obama, eta hau hango lehendakari izatea "itxaropeneko unea" dela esan du Bushek.
AEB
Bushen azkeneko diskurtsoa
"2001eko irailaren 11tik ez da gure herrian ordukoa bezalako atentaturik gertatu", adierazi du gaur AEBetako presidenteak bere azkeneko mintzaldian. "Terrorismoa" dela-eta "beti erne" egon beharra dutela uste du. Asteartean hartuko du haren lekua Obamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu