Bushen urrezko aroa

Hamabi urtean lehen aldiz gehiengoa dute demokratek Kongresuan; aurrerantzean, AEBetako presidenteak ez du orain arteko askatasunik izango erabakiak hartzeko garaian.

arantxa elizegi egilegor
2007ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Datozen bi urteak malkartsuak izango dira AEBetako presidentearentzat. Amaitu da George Bushen urrezko aroa. Hamabi urtean lehen aldiz Alderdi Demokratak du gehiengoa Ordezkarien Ganberan eta Senatuan. Horrek esan nahi du George Bushek negoziatu egin beharko dituela bere proiektuak, orain arte ez bezala. Baina buruzagi estatubatuarra setatia da, eta ez dago amore emateko prest. Jada iragarri die demokratei deklarazio politiko hutsak diren proiektuak soilik onartzen badituzte, berak beto eskubidea erabiliko duela.

Iraken okupazioari esker irabazi dituzte bozak demokratek. Estatubatuarrek etxean nahi dituzte soldaduak. Gerra amaitzea nahi dute. Aldiz, errepublikanoek -Bush buru dutela- uste dute Irakeko indarkeria amaitzeko hoberena soldadu gehiago bidaltzea dela. Demokratek, aldiz, erretiratzea lehenbailehen hasi nahi dute. Ez dira soldadu gehiago bidaltzearen aldekoak. Baina ez dute Iraketik galtzaile gisa atera nahi, eta ez dakite zein den «erretiratze duina» egiteko irtenbidea.

Bi ganberek -Ordezkarienak eta Senatuak- onartu behar dute proiektua. Lehenengoan demokratek alde handia ateratzen diete errepublikanoei. Ez hala bigarrenean. Senatuan bi senatari independenteren esku dago giltzarria. Bernie Sanders eta Joe Lieberman independente gisa aurkeztu ziren bozetara, baina hitz eman zuten demokraten alde bozkatuko zutela gai garrantzitsuenetan. Lieberman, ordea, Iraken okupazioaren alde agertu izan da beti. Ikusteko dago, beraz, esandakoa beteko duten. Oraingoz, demokratek iragarri dute Iraken inguruan hartutako erabakiak sakon aztertuko dituztela.

Bushek, bestalde, AEBetako presidentea izanik, badu Kongresuaren erabakiak betatzeko eskubidea, eta baita haren onespenik gabe Irakera soldadu gehiago bidaltzeko ahalmena ere. Horretarako, haatik, armadara zuzendutako aurrekontua handitu behar du, eta hori Kongresuak erabakitzen du. Horiek hala, eskuak lotuta ditu munduko potentzia nagusiko presidenteak.



ELKARLANAREN BILA. Ordezkarien ganberarako eta Senaturako bozak demokratek irabazi zituztela jakin eta gutxira eman zuen Bushek elkarlana bultzatzeko lehen pausoa: Defentsa idazkari Donald Rumsfeld kargutik kendu zuen, eta haren ordez CIAko -AEBetako Informazio Agentzia Zentrala- buruzagi ohi Robert Gates jarri zuen. Demokraten eta errepublikanoen sostengua du Gatesek. «Elkarrekin egon gara gure historiako unerik garrantzitsuenetan eta elkarrekin gauza garrantzitsuak egingo ditugu», esan zuen Bushek herenegun, kabinete berriarekin bildu ostean.

Demokratak ere elkarrekin aritzeko prest agertu dira. AEBetako bi ganbetan gehiengoaren jabe egin diren egun berean, proposamenei irekita daudela iragarri du Alderdi Demokratak Senatuan duen buruzagi Harry Reidek.

Bushen askatasuna mugatu izana, baina, ez da demokraten garaipenak eragin duen aldaketa bakarra. Lehen aldiz, emakume baten esku dago AEBetako hirugarren kargurik garrantzitsuena, Ordezkarien ganberako presidentetza, alegia. Nancy Pelosi AEBetako pertsona boteretsuena da, Bushen eta Dick Cheney presidenteordearen atzetik. Boterea eskuetan, Pelosik argi ditu zeintzuk izango diren agintaldiaren helburuak: Irakeko auzia konpontzea, eta Washingtonen zabaltzen ari den ustelkeria amaitzea: «2006ko bozek aldaketa bultzatu dute, ez bakarrik Kongresuan, baita herrialdearen norabidean ere. Irakeko auzian inon baino argiago geratu da amerikarren aldaketaren nahia».

Gai ugari proposatu dituzte demokratek beren agintaldiko lehen 100 orduetan eztabaidatzeko. Besteak beste, legebiltzarkideen gaineko kontrola zorrozteko legedia eta zelula amen gaineko politika. Horretaz gain, gutxieneko soldata handitu, adinekoentzako osasun zerbitzuak hobetu eta immigrazioaren auzia konpondu nahi dute. Ziurrenik, baina, proiektu horiek onartu ahal izateko errepublikano batzuen sostengua beharko dute Senatuan behintzat. Datozen hilabeteetan ikusiko da, beraz, Ordezkarien ganberako presidente berriak iragarritako aldaketa egia bilakatuko den, ala presidentearen eta demokraten arteko borroka eztabaida hutsean geratuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.