Mundua

Bushi zapata jaurtiki zion kazetaria askatzeko eskatu du legebiltzarkide irakiarren herenak

Muntasser al Zaidiren kontrako auzibidea eten dezala eskatu diote Legebiltzarrari.

2009ko urtarrilaren 23a
16:00
Entzun
Irakeko legebiltzarkide multzo bat Muntasser al Zaidi kazetari irakiarra kartzelatik ateratzearen alde dago. Kazetaria abenduaz geroztik espetxean dago, George Bush orduko AEBetako presidenteari, Bagdaden zela emandako prentsaurrekoan zapata jaurti eta "tori txakurra!" esateagatik.

Eskaera 275 legebiltzarkideetatik herenak sinatu du eta Parlamentuko zuzendaritzara bideratu dute. AEBen okupaziopean onartutako Zigor Kodean oinarrituta etorri da eskaera, bertan Fiskaltza Nagusiari prozesu judizial bat eteteko baimena ematen baitzaio, "nazioaren interes garrantzitsuak jokoan badaude".

Dyni Irakeko legebiltzarkideak esan duenez, "kasuak interes publikoa piztu" du. Gainera, "Muntasser al Zaidiren jokabidea Irakeko herriaren sufrimenduaren parekoa" izan zela gaineratu du, "erailketak, jazarpenak eta eskubideen urraketak barne".

Al Zaidik Irakeko Al Irakia telebista katerako egiten zuen lana. Abenduaren 14an, Bagdaden Bushek eman zuen prentsaurrekoan zapata bota zion, Iraken AEBetako militarren okupazioa salatuz, eta hura okupazioaren eta ondorengo txikizioaren erantzule nagusitzat joz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.