Mundua

Buteflikak irabazi ditu berriro Aljeriako hauteskundeak, botoen %90 lortuta

Hirugarren aldiz irabazi ditu bozak. Oposizioak dio iruzur kasuak egon direla bozetan.

2009ko apirilaren 11
13:32
Entzun
Iragarritakoa gertatu da Aljeriako presidentea hautatzeko hauteskundeetan: Abdelaziz Buteflika jarduneko lehendakariak irabazi ditu, hirugarren aldiz. Oso babes handiarekin lortu du, gainera, garaipena, botoen %90,24 bildu baititu, 12.911.707 boz.

Oposizioak salatu du iruzur kasuak egon direla, "hauteskunde eguna hasi aurretik kaxa batzuk boto paperez beteta zeudelako".

Buteflikak 72 urte ditu eta hurrengo bost urteetan ere Aljeriako buru izango da. Besteak beste, aldaketa sakonei eutsiko diela, nazioa berradiskidetzeko prozesuan aurrera jarraituko duela, 200.000 enpresa txiki eta ertain sortuz hiru milioi lanpostu sortuko dituela, eta milioi eta erdi etxebizitza eraikiko dituela. Aljeria sendo eta lasai baten alde, horixe izan du kanpainaren leloa.



Harez gain, beste bost hautagai aurkeztu dira hauteskundeetara. Buteflikaren boterea kolokan jartzeko aukera gehienak zituzten indar politikoek, gainera, abstentziorako deia egin zuten, bozetan zinezko demokraziarik ez dela agerian utzi nahian; FFS Indar Sozialisten Fronteak eta RCD Demokrazia eta Kulturaren Aldeko Elkartzeak hartu dute jokabide hori.

Beste hautagaien artean emakume bat izan da zerrendaburu, Louise Hanun, Langileen Alderdia indar troskistako ordezkaria, eta bera geratu da bigarren, %4,22rekin. Haren egitasmo politikoaren oinarriak nekazaritza lurren erreforma gauzatzea, enpresa publikoak bultzatzea, funtzio publikoaren bizkortzea, gazteentzako lanpostuak premiaz sortzea eta demokrazia parte hartzaile bat eratzea dira. Hanunek botoen %1,20 besterik ez zuen lortu duela bost urteko bozetan.

Ostegunean egin zituen hauteskundeak, hogei milioi herritar zeuden deituta boza ematera, eta parte-hartzea %74,54koa izan da, iturri ofizialen arabera. Oposizioak, baina, adierazi du %20koa izan dela partaidetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.