galdeketa

Cameron: "Ordua da Erresuma Batuak bat eginda aurrera egin dezan"

Baiezkoaren alde egindako lana txalotu eta nazioen "indarrak orekatzeko beharra" aipatu du, Gales eta Irlanda iparraldeari erreferentzia eginez.

Alex Salmond Strichenen, atzo, botoa eman ostean. ANDY RAIN / EFE
2014ko irailaren 19a
19:37
Entzun

Erresuma Batuko lehen ministroak sare sozialen bidez zoriondu du Alistair Darling, ezezkoaren aldeko kanpainako burua, egindako lanagatik, eta eskumenei buruz hitz egiteko prest agertu da. Eskuduntza horien nondik norakoak urtarrilean zehaztuko dituztela ere iragarri du gobernuburuak. Bide batez, "indarrak orekatzeko beharra" ere aipatu du Cameronek, Gales eta Irlanda iparraldeari erreferentzia eginez.

David Cameronek Downing Streeteko 10. zenbakian egin ditu adierazpenok: "Eskoziarrek argi hitz egin dute Erresuma Batuaren alde. Erabakia hartua dago. Orain, aurrera begirako pausoak emateko garaia da". Erresuma Batuko lehen ministroak dagoeneko hitz egin du Salmondekin, eta txalotu egin du baiezkoaren alde egindako lanagatik:

Darling gustura agertu da garaipenarekin: "Aparteko gaua izan da. Izugarria izan da ezezkoaren aldekoek egindako lana eta agertutako babesa". Goizean goiz egin du Darlingek ere erreferendumeko emaitzen balorazioa: "Eskoziarrek batasuna aukeratu dute. Ingelesekiko harremanei eutsi nahi dietela berretsi dute. Horregatik, aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu batasuna inoiz apurtu ez dadin".

Darlingek eztabaidak eragindako banaketa ere kritikatu du: "Kanpainak handitu egin du Eskoziako gizartearen banaketa. Zatiketa hori denon artean gainditu behar dugu. Etorri Eskoziara, eta egin dezagun bidea elkarrekin".

Pozik laboristen buru Ed MIliband ere: "Zoriontsu eta harro nago eskoziarrek geratzeko erabaki historikoa hartu dutelako".

Aldaketarako nahia

"Eskoziako herritarrek bi mezu helarazi dizkiote gaur gauean klase politikoari: batetik, euren ahotsa entzunarazi dute, eta, bestetik, independentziaren aldeko milioitik gora botorekin, argi agertu dute aldaketarako nahia dagoela", nabarmendu du Eskoziako lehen ministrorde Nicola Sturgeonek.

Erreferendumaren emaitzak oraindik behin betikoak ez diren arren, ziurtzat eman du Sturgeonek ezezkoaren garaipena. "Ez ditut emaitzak ukatuko. Baiezkoak ez du irabazi, baina haren alde bozkatu dutenen iritzia ere kontuan hartu behar dugu, eta horiek aldaketaren alde egin dute".

Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministrordeak ere aitortu du independentziari ezetz esan izanak ez duela esan nahi aldaketari ezetz esan zaionik, baina txalotu egin du Eskoziako herritarrek "nazioen arteko senidetasunari eusteko erabakia" hartu izana. "Indartsuago gara elkarrekin, banaka baino".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.