David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak azaldu du "fede onez" saiatu zela lehengo astean Europako Batasuneko beste herrialdeekin akordioa lortzen, baina berretsi du ezinezkoa izan zela ados jartzea, "itun berriak ez dituelako gure herrialdearen interes nazionalak defenditzen".
Hain zuzen, Erresuma Batuak izan ezik, EBko herrialde guztiek ostiralean Bruselan bat egin zuten. Onartu dute Europak aurrekontuak kontrolatzea, defizita zigortzea eta burujabetzaren zati bat galtzea, luzera begira euroak bizirik irautearen izenean. Baina horren truke Europako Batasuna hautsi da eta Bruselako goi bileran ez dute irtenbide berririk eta azkarrik proposatu arazoak dituzten herrialdeen zama arintzeko. Euroa salbatzeko goi bilera izan behar zuenak haustura politikoarekin estali ditu zorraren krisiaren oihartzunak, Erresuma Batua kanpoan geratu baita.
Cameronek euren legebiltzarrean azalpenak emango ditu laster. Gobernu koalizioko kide liberalek kritikatu egin dute lehen ministroak Europarekiko hartutako erabakia.