Cameronen adierazpenen aurka egin du Erresuma Batuko Poliziak

Lehen ministroa larrialdi kabinetearekin bildu da berriro; Polizia haserre agertu da, Parlamentuan egindako kritikengatikProtesten harira, 1.600 lagun baino gehiago atxilotu dituzte jada, eta bost hil dira

2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Erresuma Batuan lasaitasuna izan da nagusi azken bi gauetan, aurreko egunetako giroarekin alderaturik behintzat. Ostegun gauean, Londresen eta beste hirietan ez zen nabarmentzeko moduko istilurik izan, eta gutxinaka normaltasunera itzultzen ari dira. Dena den, Polizia erne dabil oraindik, eta oraindik ere jendea atxilotzen ari da —guztira 1.600 lagun baino gehiago atzeman dituzte jada—. Epaitegiak, berriz, gau eta egun ari dira lanean, atxilotu guztien epaiketak ahalik eta lasterren amaitzeko.

David Cameron lehen ministroa ere adi dago, asteburuan zer gertatuko —poliziak gehituko dituela adierazi zuen ostegunean Parlamentuan—, eta atzo bertan larrialdi kabinetearekin bildu zen berriro. Poliziaburuak bileratik ateratzean egin zituen adierazpenek, ordea, agerian utzi dute Scotland Yarden eta Cameronnen gobernuaren artean dagoen tentsioa. Tim Godwin Scotland Yardeko burua haserre agertu da, ostegunean Cameronek Poliziari egin zizkion kritikengatik. Protestak hasi zirenean Poliziak erabilitako taktikak ez zirela egokiak izan eta ahulegi jokatu zuela adierazi zuen Cameronek Parlamentuan egin zuten saioan.

Godwinek, ordea, gogor defendatu du Poliziaren lana, eta «egoera konplexu batean erabaki ausartak» hartu behar izan zituztela nabarmendu zuen; «denboran atzera egiterik bagenu, noski, beste era batera egingo genituzke gauzak, baina oso azkar hartu behar izan genituen erabakiak».Hala, egoera lehengora itzuli dutenak poliziak izan direla gogorarazi dio lehen ministroari, eta ez diputatuak. Oporretatik bueltatzeko hiru egun behar izatea ere egotzi dio Godwinek Cameroni; «istiluak hasi ziren egunetan hemen ez zegoen jendea da orain gure aurka ari dena». Adierazpen horrekin Theresa May Barne ministroari ere egin dio erreferentzia, hura ere oporretan baitzegoen istiluak hasi zirenean.

Boris Johnson Londresko alkateak, ostera, lehen unetik babestu du Poliziaren jarduna, eta haien lana «zoragarria» izan dela adierazi du.

Parlamentuko saioan, gainera, Poliziari dagokion aurrekontua murrizteko asmoa duela iragarri zuen Cameronek. Haren arabera,horrek ez dio eraginkortasunari eragingo. Godwinen arabera, ordea, neurri horrek poliziak gutxitzea ekarriko luke halabeharrez; «hizketaldi serio bat eduki beharrean gaude gobernuarekin, ezingo baitugu eskatzen diguten zerbitzua eman polizia kopurua gutxitzen badigute». Johnson eta oposizioko laboristak ere aurka agertu dira, neurri hori hartzeko une desegokia dela arrazoituta.

Bosgarren hildakoa

Joan den larunbatean istiluak hasi zirenetik bost lagun hil dira guztira, azkenekoa atzo bertan. Richard Mannington Bowes 68 urteko gizonezkoa astelehenean zauritu zuten, eta ordutik oso larri zegoen ospitalean. Ustez, sute bat itzali nahian ari zen Mannington Londresko Ealing auzoan, eta gazte batzuek eraso egin zioten,buruan zauri larriak eraginez. Kasu horren harira, Poliziak 22 urteko gaztea atxilotu du, hilketa, istiluak eragitea eta lapurreta egotzita. Susmagarritzat jotzen duten 20 urteko gazte baten grabaketak, berriz, publikoki zabaldu dituzte, hari buruzko informazioa bildu nahian. «Irudian agertzen dena bazara, joka ezazu zintzo, eta entrega ezazu zure burua», adierazi du Scotland Yardeko Polizia buruak.

Azken egunetan, berriz, beste lau lagun hil dira. Lehena Londresko Croydon auzoan aurkitu zuten astelehenean, auto baten barruan eta tiro bat jasota. Dena den, oraindik ez dute argitu zeinek egin zion tiro. Gainontzeko hiruak auto batek harrapatuta hil ziren asteazken gauean Birminghanen, denda bat babesten ari zirela. Poliziak dagoeneko hiru lagun atxilotu ditu erantzuleak direlakoan —kasu beragatik ostegunean atxilotutako gizona bermepeko askatasunean utzi dute—.

Laboristek inkesta nahi dute

Cameronek istiluak zergatik hasi ziren argitzeko inkesta bat egin ezean, bere alderdiak bere kabuz egingo duela adierazi du Ed Miliband laboristen buruak. Cameronek batzorde bat antolatu nahi du, protesten jatorria ikertzeko. Milibanden ustetan, ordea, ez da nahikoa ikerketa formal bat egitea. Laboristek inkesta orokor bat eraman nahi dute aurrera, istiluak jasan dituzten auzoetako jendeak beren bizimodua deskribatu ahal izateko, eta haien ustez indarkeria zabaldu izana zerk eragin duen azal dezaten; «erantzun sinplistak saihestu behar ditugu. Arazo kulturala da? Pobrezia eta aukera falta da? Seguruenik biak». Hala, herritarrei gizartean lekua dutela erakutsi behar zaiela uste du Milibandek.

Euren buruarekiko kritika ere egin ditu oposizioak, agintean zeudenean ez zutela berdintasuna bultzatzeko behar adina lan egin esanez. «Lan hobea egin genuen industria garatzeko, etikaren alde baino», esan du laboristen buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.