Cameronen ustez, EBtik irtetea txarra da Erresuma Batuarentzat

Lehen ministroak esan du herrialdearen interes nazionalen artean ez dagoela «Suitza handi bat izatea»

Erredakzioa
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak EB Europako Batasunean jarraitu edo ez erabakitzeko erreferenduma egitea nahi dute zenbait eurodiputatuk, eta baita David Cameron lehen ministroaren hainbat alderdikidek ere. Euroeszeptiko deritzen horien arabera, Erresuma Batuko krisiaren eragileak «Bruselaren esku hartzea eta erregulazio politika» dira hein batean. Horregatik, adierazi dute EBtik irtenez gero «burujabetza» berreskuratuko lukeela Londresek eta «milioika euro» aurreztuko lituzkeela afiliatze kuotekin.

Cameronek esan du herri galdeketa egitea «oso ohoragarria» dela, baina EBtik irteteak «kalte» egingo liokeela Erresuma Batuari. Herrialdeak EBn jarraitu behar duela azpimarratu du, bertako kide diren merkatuetan «erosten, saltzen eta inbertitzen» jarraitzeko, baina, batik bat, «arauak ezartzerakoan ekarpena egiteko». Hala ere, Bruselarekin «beste akordio bat» nahi du lehen ministroak, baina ez du zehaztu zer aldaketa egin nahi duen.

Etorkizunera begira

XXI. mendeko «nazio garaile» izateko EBren barruan jarraitu beharra dagoela esan du Cameronek. «Gu ez gara barrura begira eta mundutik kanpo dagoen herrialde bat», adierazi du lehen ministroak. Bestalde, gaineratu du EBtik irten eta «Suitza handi bat izatea» ez dela Erresuma Batuaren interes nazionalen artean sartzen.

Euroguneko krisiari dagokionez, EBkoherrialdeek elkarrekin lan egiten ez badute «areagotu eta okertu» egingo dela esan du Cameronek. Batasun fiskala lortzeko pausoak eman diren arren, «krisiak iraun» egiten duela eta «unean uneko irtenbideak» soilik jartzen direla abian salatu du, eta hori Europarentzat ez dela ona gaineratu. Lehen ministroak esan du hegoaldeko herrialdeek Alemaniari zorra ordaintzeko eskatzen diotela, eta Alemaniak, berriz, euren burujabetza ekonomikoa alde batera uzteko eskatzen diela hegoaldeko herrialdeei. Ondorioz, Cameronen iritziz konponbidea «oso zaila da» borondate politikoarekin bat ez datorrelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.