Cameronengan dago orain auziaren arreta gunea

Westminsterren ezohiko bilera egingo dute gaur inplikatuek emandako azalpenak eztabaidatzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Paul Stephenson Scotland Yardeko buruak igandean kargua utziko zuela esan zuenean David Cameron lehen ministroari gezi zorrotz bat bidali zion, hauxe iradokiz: Neil Wallis News of The World-eko zuzendariorde izandakoa aholkulari gisara kontratatzeagatik dimisioa eman behar izan badu, ez dago arrazoirik gauza bera egin ez dezan lehen ministroak, Andy Coulson egunkari hartako zuzendari izandakoa komunikazio arduradun baitzuen Downing Streeten —urtarrilean utzi zuen kargua—. Horrekin batera, atzo kontserbadoreen bozeramaile batek esan zuenez, Wallisek «aholkularitza informala» eman zion Coulsoni, Cameronek auzian izan dezakeen zerikusia are gehiago zipriztinduz. Eskandaluaren erdian, Hegoafrikako bidaia bertan behera utzi behar izan du lehen ministroak, eta Westminsterren ezohiko saiora deitu ditu legebiltzarkideak. Zeresana emango du gaurkoak ere.

Atzo Stephensonek bere tartea izan zuen inplikatuek egindako agerraldien artean, eta igandean Cameroni buruz esandakoak trakets zuzendu zituen: «Nik ezin ditut komunikabideen interpretazioak kontrolatu. Hemen eta orain esaten dut ez zela lehen ministroaren kontrako erasoa izan». Cameronek ustez ez zekien Wallis kontratatu zuela Poliziak, eta horri erantzunez hauxe argudiatu zuen atzo poliziaburuak: «Ez nuen beharra sentitu, ez nuelako Wallisek entzuketetan zuen inplikazioaren berri».

Laboristen erasoak

Paul Stephensonen hari berari tiraka ari dira laboristak kontserbadoreen zaplaztekoari zukua ateratzeko. Ed Miliband burua ezin altxa zebilen, Cameroni ezin itzala egin, baina auzia dela-eta aukera ikusi duenean, Murdochen inperioa desegin beharra aldarrikatuz herritar asko gerturatzen ari zaizkio. Gertatu den guztia argitu behar dela esan eta esan ari da.

David Cameronek, berriz, Poliziaren baitako ustelkeriaonartu du dagoeneko —hortik zetorren Stephensonen haserrea—. Stephensonen eta John Yates haren bigarrenaren dimisioak teorian Wallis kontratatzeagatik izan badira ere, beste arrazoi batzuk daude: kontrolatuta zeuden lau mila telefono baino gehiagoren zerrenda esku artean zeukaten, baina ikerketarik ez zuten abiatu egunkari sentsazionalistaren balizko oztopoek arrakasta baldintzatuko zutelako. Baina Poliziak ez zuen ikertu nahi, orain agerian geratu denez, hainbat kide ustelduta zeudelako, kazetariek erosiak. Kasua alde guztietatik aztertzeko ikerketa judiziala agindu du Cameronek, lehenbailehen auzitik kanpo gera dadin, baina ez da horren erraza izango.

Poliziaren aferaz gain, Murdochen inguruarekin Cameronek duen gertutasuna ezkutatzea zaila izango baitzaio. Haren festetara joatea, eta gertukoenekin harremana izatea —Rebekah Brooksekin edo Andy Coulsonekin— garestiegi atera dakioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.