Pedro Sanchez Espainiako presidenteak badu gobernu berrirako presidenteordea. Carme Calvo Kultura ministro ohi eta PSOEko Berdintasun idazkaria izango da Sanchezen ondokoa. Horrez gain, Berdintasun ministro ere izendatuko du.
Calvok egiteko esanguratsua izan du azken hilabeteetan, Kataluniako auziarekin lotuta. Izan ere, hura izan da PSOEren ordezkari, alderdi sozialistak Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren gobernuarekin izan dituen negoziazioetan, 155. artikuluaren ezarpena negoziatzeko.
Sanchezek osatuko duen gobernuko hainbat kide aukeratu ditu jada. Espainiako Atzerri ministroa Josep Borrel izango dela egin zen publiko, atzo. Teresa Ribero izango da Energia, Ingurumen eta Aldaketa Klimatiko ministroa; Maria Jesus Montero Ogasunekoa, Jose Luis Abalos Sustapenekoa, eta Nadia Calviño Ekonomiakoa. PSCko Meritxell Batet lurralde administrazioaren kudeaketaz arduratuko da, oraindik izena zehaztuta ez duen ministeritzan. Osasun Ministerioa, berriz, Carmen Montonen esku geratuko da, Osasun sailburu izandako Rafael Bengoak proposamenari ezetz esan ostean.
Adriana Lastrak izango da PSOEren Kongresuko bozeramaile berria. Orain arte ardura horretan aritu den Margarita Roblesek Justizia ministro kargua hartuko duela adierazi dute Espainiako hainbat hedabidek.