Katalunia

Carod Rovirak utzi egingo du ERCko presidentetza

Ez du bere burua kargu horretarako berriro aurkeztuko, eta uste du Puigcercosek ere zuzendaritza utzi beharko lukeela. Ekainean egingo du batzarra ERCk. Hala ere, Kataluniako Gobernuko presidenteordetzari eutsiko dio Carod Rovirak, eta 2010ean ERCren Kataluniako presidentegai izan nahi duela agertu du. Alderdiko buruzagitzari uko egitea alderdiaren batasunaren aldeko keinu politikoa dela iritzi dio.

2008ko martxoaren 25a
18:56
Entzun
Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako Gobernuko presidenteordea eta ERCko presidentea ez da alderdiko kargu horretara aurkeztuko ekaineko batzarrean, eta, horrenbestez, uko egin dio ERCren buruzagi nagusi izateari. Catalunya Radio irratian egin dioten elkarrizketan eman du Carod Rovirak erabaki horren berri.

ERC barneko tira-birak areagotu egin dira martxoaren 9ko hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondorioz. Hain zuzen, ekaineko batzarrean berriro presidente izateko hautagai balitz liskarra areagotuko litzatekeela eta Kataluniako Gobernua zipriztinduko lukeela argudiatu du Carod Rovirak ERCko presidentetzari uko egiteko. Izan ere, Gobernuko presidenteordea da.

Haren ustez, Joan Puigcercos gaurko idazkari nagusiak ere zuzendaritza utzi beharko luke. Horrez gain, bere erabaki horren bidez alderdiaren batasuna erraztu nahi duela erantsi du Carod Rovirak, "eskuzabaltasun politikoz" jokatzen ari dela iritzita.

Nolanahi ere, Kataluniako Gobernuko presidenteordetzari eutsiko dio Carod Rovirak eta 2010ean ERCren presidentegai izan nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.