Kolonbiako bake prozesua

Cartagenan sinatuko dute Kolonbiako bake akordioa, irailaren 26an

FARCek hilaren 17tik 23ra egingo duen batzarrean berretsiko du hitzarmena. Horren ostean, herritarrek onetsi beharko dute erreferendumean.

Juan Manuel Santos presidentea, Cartagenan. JUAN PABLO BELLO / EFE
2016ko irailaren 3a
14:06
Entzun

Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen hanka sartze baten ondorioz zabaldu zen data aste hasieran, eta orain hura berretsi du Juan Manuel Santos Kolonbiako estatuburuak: irailaren 26an izango da, Cartagenan. Aurretik, hilaren 17tik 23ra, batzar nazionala egingo du FARC gerrillak hitzarmenaz hitz egin eta, arazorik ezean, hura onartzeko. Azken data hori Rodrigo Londoño Timochenko-k jakinarazi du sare sozialen bidez.

 

Bi aldeek akordioa berretsi eta sinatu ostean, herritarren txanda helduko da. Izan ere, lehen aldiz, kolonbiarrek eurek izango dute aukera bake prozesuaz iritzia emateko, urriaren 2an egingo den erreferendumean. Hauxe izango da erantzun beharreko galdera: Gatazka amaitzeko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa babesten duzu?. Akordioak aurrera egingo badu, baiezkoak botoa ematera deituta daudenen %13ren babesa jaso beharko du; gutxienez, 4.396.626 boto.

Lau urte eta ehunka pauso

Duela lau urtetik hona hasi ziren ofizialki negoziazioak, baina horren aurretik ere bi aldeak hainbat urrats egin behar izan zituzten, azken prozesu hori ahalbidetzeko. Bitarte horretan, hala ere, oztopo ugari gainditu behar izan dituzte. Besteak beste, droga trafikoa, biktimak, justizia eta armagabetzea izan dira puntu gatazkatsuenetariko batzuk. Azken horri dagokionez, akordioak sinatu ostean, sei hilabeteko epea izango du gerrillak, nazioarteko begirale talde baten zaintzapean, armak entregatzeko.

2012ko azaroaren 19an hasi zen negoziazio prozesua Habanan. 2013ko maiatzaren 26an erdietsi zuten alde biek lehenbiziko akordioa, lurren banaketarekin eta landa garapenarekin lotua; azaroaren 6an, berriz, parte hartze politikoarena adostu zuten. Ondoren etorri ziren akordio gehiago ere, eta joan den irailaren 23an erabaki zuten gerra krimenen arduradunak epaitzeko eskumen bereziak dituen auzitegi bat sortzea. Pauso garrantzitsua izan zen, eta hark ahalbidetu zuen 2015eko abenduaren 15ean biktimen erreparazioa hitzartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.