Nolanahi ere, hauteskunde bidezko aukeraketa prozesua martxoaren 5ean bukatuko da. Egun horretarako Estatuko Kontseiluko 31 kideak aukeratu beharko dituzte. Horixe da Kubako Botere Eragilearen organorik garrantzitsuena. Hain zuzen ere, martxoan jakingo da Fidel Castrok boterean jarraituko duen edo ez.
1959an iraultza nagusitu zenetik eta zehazki 1976an Herri Boterea ezarri zutenetik ohikoa den bezala, orain ere hautagaiek ez dute hauteskunde kanpainarik egin, legeak hala aginduta. Horren ordez hauteskunde batzordeek egiten dute kanpaina, «oportunismoa, demagogia eta politikeria» eragozteko. Herritarrek hautagaien berri izateko, haien argazkiak eta biografiak agertzen dituzten kartelak paratzen dituzte denda, bulego eta instituzioetan.
Halere, Fidel Castrok joan den astean eginiko deiari jarraiki, telebista, irrati eta kaleetan «boto batuaren alde» bozkatzeko eskakizunak egiten ari dira egunotan. Boto batu horren bidez botopaperean ageri den hautagai zerrenda osoa onartzeko aukera izango dute herritarrek. Denak elkarrekin bozkatzera, Guztiak jarri, guztien alde, eta Boto batua da hautaketa-leziorik onena leloak zabaldu dituzte helburu horrekin.
Hauteskunde legearen arabera, hautagai bakoitzak bere hauteskunde barrutian emandako baleko botoen erdiak gehi bat jaso behar ditu, berretsia izango bada. Alabaina, boto batua delakoaren bidez bozkatzen badute, hautagaiek gutxieneko boto kopuru hori lortzea espero dute agintariek.
Kubako disidenteei dagokienez, Oswaldo Payak, MCL Askapenerako Mugimendu Kristauko buruak, «adarjotze» eta «herri subiranotasunaren urratze larri» iritzi die hauteskundeei. Haren iritziz, bozak egiteko moduak Konstituzioa urratzen du. Gainera, salatu du herritar askok «bisitak» eta «seinalatzeak» jaso dituztela, hauteskundeen aurreko fasean bozkatu ez zutelako. «Beldurtze mekanismo hori ez da berria, eta legea ezin hobea balitz ere, mekanismo zapaltzaile guztiekin ezarritako beldurraren kultura ohitura penagarria da». Edozein modutan, Payak ez du bozak boikotatzeko deirik egin; aitzitik, herritarrei «libreki» eta «norberaren kontzientziaren arabera» jokatzeko eskatu die.
Ildo horretan, Alemaniako Legebiltzarreko presidente Norbert Lammertek «iruzur» iritzi die Kubako bozei, «oposizioko hautagairik ez» dagoela argudiatuta.
BOTOA EMATEKO ERA BEREZIA. Bozketa modu berezia dute Kuban, sistema sozialistaren ondorioetako bat. Lehenbiziko fasean, herritarrek auzoetako ordezkariak aukeratzen dituzte, batzar irekietan proposatuta. Ondoren, ordezkari horiek udal agintariak izendatzen dituzte. Azken prozedura hori joan den urriaren 21ean egin zuten. Halaber, ordezkari horiek elkarrekin eginiko bilkuran, beren barrutietako hautagaiak proposatzen dituzte hala probintzia bakoitzerako nola Asanblea Nazionalerako. Azken horretarako 57.000 hautagai proposatu zituzten.
Horren ondotik etorri zen egiaztatze izeneko prozesua. Hauteskunde batzordeek herritarrak eta gizarte nahiz politika alorretako erakundeak, besteak beste, kontsultatu zituzten, hautagairik egokienak aukeratze aldera. Horrez gain, hautagai horiek gizartearen esparru guztietakoak izatea bermatzea du xede prozesu horrek, etnia, sexu eta sektore ekonomiko eta sozial ezberdinetako jendea ordezkatua egoteko.
Prozesu horretatik atera dira 614 hautagaiak. Orain haiek berrestea geratzen da. Probintzietako batzarrei dagokienez, antzeko prozesua egin ondotik, 1.201 hautagai berretsi edota errefusatuko dituzte gaur boto-emaileek. Kuban 16 urtetik gorakoek dute boto eskubidea.
Iragan urriko bozketan, abstentzio, boto zuri eta baliogabeen portzentajearen batuketa %10,53koa izan zen uharte osoan.
Sostengu kritikoari dagokionez, boto batua eman ez, eta soilik gustuko hautagaiak bozkatu dituztenen kopuruak gora egin du 1993tik (%5); azken bozketan, 2003an, %9koa izan zen.
Adituen esanetan, gaurko bozetan parte-hartze eta boto batu kopuru handia izango da, eta inork ez du duda egiten Fidel Castro diputatu gisa berretsiko dutela.
Presidente kargua behin-behinean utzi zuenetik urte eta erdi igaro zenean, joan den abenduan, Castrok esan zuen ez zuela boterean mugarik gabe egoteko asmorik.
Halaber, lehenbiziko aldiz hitz egin zuen belaunaldi berriei tokia egiteko aukeraz. «Nire oinarrizko betebeharra ez da karguari atxikitzea, ezta gazteei bidea trabatzea ere; nire eginbeharra esperientziak eta ideiak ematea da».
ZenBaKIa
539
Kargutik at Fidelek daramatzan egunak. 2006ko uztailaren 31tik, osasun arazoak direla eta, Kubako presidente kargutik behin-behinean erretiratua dago Fidel Castro. 539 egun daramatza kargutik at.CasTroK KarGua uTzI zueneTIK GerTaTuTaKoa
2006ko uztaila. Fidel Castro presidenteari hesteekin lotutako ebakuntza egin zioten, eta behin-behinean Gobernuaren kontrola presidenteordeari, Raul Castro anaiari utzi zion.2006ko abendua. Erbestetik Kubara itzuli zeneko 50. urteurrena ospatzeko desfilera ez zen agertu Fidel Castro. Horrek areagotu egin zuen haren etorkizunari buruzko espekulazioa.
2007ko apirila. Abokatu bati eta kazetari bati kartzela zigorrak ezarri zizkieten, epaiketa sekretuen ondoren. Giza eskubideen aldekoen esanetan, oposizioaren kontrako neurria izan zen.
2007ko maiatza. Fidel Castro ez zen agertu urtero Habanan egiten den Maiatzaren Leheneko desfilean. Egun batzuk geroago jakinarazi zuen hainbat ebakuntza egin zizkiotela. Bestalde, hala Gobernuan nola herritarren artean haserrea eragin zuen AEBek hartutako erabakiak: CIAko kide ohi Luis Posada Carrilesen kontrako karguak erretiratzeak. 1976an Kubako hegazkin zibil bati eraso eta 73 pertsona hil izana leporatzen dio Habanak, baita 1997an Kubako gune turistikoen kontra atentatu sorta egin izana ere.
2007ko uztaila. 1959az geroztik lehen aldia izan zen Iraultzaren Eguna (Uztailaren 26a) Fidel Castro presente egon gabe ospatu zutena. Handik egun gutxira, kargua behin-behinean utzi zuenetik urtebetera, mezua helarazi zuen hark, erabat osatzeko eginahaletan ari zela esateko.
2007ko iraila. Castrok elkarrizketa eskaini zion Kubako telebistari, hiru hilabetetan lehena.
2007ko abendua. Hilaren hasieran diputatu izateko hautagai izendatu zuten Fidel Castro, Santiagoko 25 hautagaien artean. Halaber, hautagai izendatu zituzten Raul Castro, Juan Almeida presidenteordea eta beste batzuk. Handik egun batzuetara, telebistan eta Legebiltzarrean Fidel Castroren mezu bana zabaldu zuten. Mezu horietan, esan zuen ez zela boterean mugarik gabe egongo.