KUBA

Castrok adin muga ezarri du PCCko buruzagitzan sartzeko: 70 urte gehienez

Kubako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralean sartzeko, 60 urte izan beharko dira gehienez.

Raul Castro hizketan PCCren 7. kongresuan. OMARA GARCíA MEDEROS / EFE
2016ko apirilaren 16a
15:54
Entzun

Kubako Alderdi Komunistak zazpigarren kongresua abiatu du, eta bertan hartu du hitza Raul Castro buruak. "Alderdiko kargu sistema osoa gaztetu dadin bermatzeko" asmoz hartu dute adin muga ezartzeko neurria. Aurreko kongresuan, beste neurri bat hartu zuten asmo horretan; gehienera, jarraian bi alditan izatea ardurak zuzendaritzan.

Asteartera bitarte iraungo du PCC Kubako Alderdi Komunistaren VII. Kongresuak. 1962an sortu zenez geroztik izaniko bilkura garrantzitsuenetariko bati ekingo dio alderdiak. Bi mugarrik egingo dute berezi: aurrenekoa izango da Habanak Washingtonekin harremanak normalizatu zituenetik, eta badirudi azkeneko aldiz zuzenduko dutela kongresua belaunaldi historikoa deitutako agintariek —Raul Castro presidentea 2018an da kargua uztekoa—.

Mila ordezkari batu dira Habanan, eta, besteak beste, 2011ko azken kongresuan adostutako neurriak izango dituzte mintzagai: denen gainetik, ekonomia sozialista "gaurkotzeko" erabakitako ardatzak.

Dena dela, orduko hartan markatutako 313 helburuetatik %21 jarri dira martxan azken bost urteetan, PCC alderdiaren Granma kazetaren arabera. Zaila da asmatzea, halere, gainontzeko eztabaida gaiak, orain arte hermetismoa izan baita nagusi. Ez da beti horrela izan; Granma-k informatu duenez, 2011ko kongresuaren aurreko hiru hilabeteetan 163.000 batzar egin zituzten alderdi komunistaren kide gazteek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.