Hilberria

Charles Pasqua, Espainiaren aliatua Frantzian

Frantziako Barne ministro ohia atzo hil zen 88 urterekin. Besteak beste, 80ko hamarraldian, GALen urteetan, Espainiarekin elkarlanean aritu zen. "Estatuaren interesak hasten diren tokian amaitzen da demokrazia", esan ohi zuen.

Frantziako Barne ministro izandako Charles Pasqua hil da 88 urterekin. PATRICK KOVARRIK / EFE
arantxa elizegi egilegor
2015eko ekainaren 30a
07:46
Entzun

Bihotzekoak jota hil zen atzo Charles Pasqua kortsikarra. Politikagintzan urte asko egindakoa izanda ere, Barne Ministerioan egindako urteengatik egin zen ezagun Pasqua. Bi esanetan laburbildu daiteke Barne ministro zela bultzatutako politika: "Terroristak izutu behar dira" eta "Estatuaren interesak hasten diren tokian amaitzen da demokrazia".

Bi alditan izan zen Pasqua Barne Ministerioan, François Mitterrandekin lehena 1986 eta 1988 urteen artean lehena, eta 1993 eta 1995 urteen artean, Edouard Balladurrekin, bigarrena. Lehen aldi horretan, hain zuzen ere, ohiko bilakatu zen euskal iheslariak Frantziatik Espainiara estraditatzea.

Rafael Vera, Espainiako Barne ministrordea Pasquarekin bildu zen 1986an eta informazio trukea hitzartu zuten. Madrilek "ekintzaile islamistei" buruzko datuak emango zizkion Parisi, eta hark ETAko kideak atzematen lagunduko zion. Pasquaren bigarrenak, Robert Pandraudek, Rafael Verari agindu zion "zuk arazo hori amaitzen baduzu [GALena], ziurtatzen dizut bihartik aurrera ETAko terroristak jasotzen hasiko zaretela mugan".

Horretaz gain, hainbat ustelkeria auzirekin lotuta ere agertu izan da haren izena. Besteak beste, legez kanpoko komisioak kobratzea leporatu izan diote. Horiekin lotuta 2010ean 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 1999ko Europako hauteskundeetako kanpaina legez kanpo finantzatzeaz akusatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.