Afrika

Charles Taylorren aurkako zigorra berretsi egin du Hagak

Hagan Sierra Leonarako Auzitegi Bereziak berretsi egin du Liberiako presidente ohi Charles Taylorri gizateriaren aurkako eta gerra krimenengatik ezarri zioten 50 urteko espetxe zigorra. Nazioarteko auzitegi batek zigortzen duen lehen buruzagi afrikarra da Taylor.

Taylor.
Berria.info
2013ko irailaren 26a
14:35
Entzun

Hagako auzitegiko helegiteen aretoak ebatzi du Charles Taylorri Sierra Leonako gerran (1991-2002) eginiko krimenengatik ezarri zioten zigorra "justua eta arrazoitua" izan zela, eta 50 urteko espetxealdia "berehala" bete beharrekoa dela adierazi du. Taylorrek "benetako damurik" ez zuela agertu uste du Sierra Leonarako Auzitegi Bereziak. Liberiako presidente izan zen garaian (1997-2003) hilketa, bortxaketa eta haur soldaduen errekrutatzean konplize izatea leporatuta zigortu zuten Taylor. Fronte Iraultzaile Batua matxino taldeari diamanteen truke armak emateaz akusatzen dute. Sierra Leonako gerran 50.000 lagun baino gehiago hil ziren.

Nazioarteko epaitegi batek zigortu duen Afrikako lehen buruzagia da Taylor. Afrikako Batasunak, hain justu, Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin lankidetza eteteko aukera eztabaidatuko du, urriaren 13an, Addis Abeban. Uhuru Kenyatta eta William Rutto Kenyako egungo presidente eta presidente ohiaren kontrako epaiketak haserrea eragin du hainbat agintariren artean, eta Kenyako Parlamentuan Erromano Hitzarmena utzi eta Hagarekin lankidetza etetea onartu zuen irail hasieran.

Nazioarteko zigor auzitegia Mendebaldeak Afrikako herrialdeak estutzeko tresna bihurtu duela uste dute, eta "arrazakeria" ere salatu dute, munduan beste hainbat lekutan antzeko krimenen zantzuak izanagatik aspaldian afrikarren aurka soilik egin dutelako Hagan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.