Charlotte hiriko Poliziari laguntzeko armada bidali du Pat McCrory Ipar Carolinako gobernadoreak. Duela bi egun herritar beltz bat hil zuen Poliziak, eta herritarrak kalera atera dira protestan. Azkenaldian poliziaren indarkeriak hildako beltzen kopurua ikusita, haserre daude herritarrak, eta ez dute isiltzeko asmorik. Poliziak kaleak hartu dituen arren, ezin izan dute harrabotsa isildu. Kaleak ketan dira, Poliziak eten gabe bota baititu negarra eragiteko ke potoak, baina zapiak aurpegian, herritarrak ez dira etxeratu.
Goizaldeak beste herritar bat larri zauritu dute balaz istiluetan. Hori jakin duenean eman du salbuespen egoera gobernadoreak, eta armada kalera atera da. Hiriko alkatetzak azpimarratu du, pertsona hori zauritu duen tiroa "zibiletik zibilera" izan dela.
Zaurituak eta atxilotuak ugari dira, baina ez dute zenbaki zehatzik eman.
Keith Lamont Scott 43 urteko afroamerikarra hil zuen Poliziak herenegun, eta hortik datoz protestak. Poliziak argudiatu zuen Scott armatuta zihoalako eta agenteentzako "mehatxua" zelako hil zutela. Familiak eta lekukoek gezurtatu egin zuten kontakizun hori. Gainera, armak edukitzea legezkoa da Ipar Carolinan.