Euripean eta dozenaka milaka jarraitzaile aurrean zituela eman dio Hugo Chavez hautagaiak Venezuelako presidentziarako hauteskunde kanpainari amaiera bart, Caracasen egindako mitin batean. "Nik ez dizuet huts egingo", oihukatu du. "Chavezek huts egin al zuen kartzelan zenean? Chavez burgesiari saldu al zaio? Chavezek burua makurtu al du inperialismoaren aurrean?", galdetu die entzuleei. "Venezuelako herriarekiko eta gazteekiko leial izango naiz beti. Gora Venezuela askea!".
Simon Bolivar etorbideko eskenatoki handi batean mintzatu da egungo presidentea —1999tik dago karguan—, ordu erdi batez. Seguru azaldu da garaipenaz. "Venezuelan oihu bakarra entzuten da: urriaren 7an Chavez garaile".
Hitzaldian gauza asko hitz eman ditu: langabezia erabat amaituko duela, herritar orok izango duela etxebizitza eta hezkuntza...
Jarraitzaile gehienek bere lekuan segitu dute, euria gupidarik gabe ari zuenean ere bai. Euriagatik aurreratu egin dute Chavezen hizketaldia. Halako batean, denen ustekaberako presidentea euritako arroparekin eta burua estali gabe agertu da. Mikrofonoa hartu, eta ohi baino laburrago jardun du.
Presidentziarako hauteskundeak igandean izango diren arren, atzokoa izan zen kanpainako azkeneko eguna. Gaur eta bihar gogoeta egunak izango dira; ez herritarrek botoa nori eman erabakitzeko beste herrialdeetan baino egun bat gehiago behar dutelako, baizik eta animoak epeltzeko, egon litezkeen beroaldi politikoak baretzeko. Adibidez, ezingo da alkoholik saldu.