Hugo Chavez Venezuelako presidenteak elkartasuna adierazi dio Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosi, honek prostata minbizia duela ezagutarazi eta gero. Chavezek Santos beharrezkotzat jo du "Kolonbiarentzat eta Hego Amerika osoarentzat", eta ahalik eta arinen osatzeko nahia azaldu dio.
Gaur egin diote ebakuntza Santosi, Bogotan, eta medikuek esan dute "oso ondo" atera dela guztia.
Norvegian egitekoak diren bake elkarrizketak astebete atzeratu dituzte Kolonbiak eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek. Gaur goizaldean jakinarazi du FARCek Ricardo Palerma gerrillaria, Simon Trinidad ezizenez ezagutzen dutena, izendatu duela "ahalmen osoko kide" negoziazio talderako. Palerma preso dago Amerikako Estatu Batuetako espetxe batean, 60 urteko zigor bat betetzen. FARCek bere "ziurtasun iraultzaileagatik" hautatu du Palerma, "zeinak ahalbidetu dion munduko txiroekiko jarrera duin eta ausarta, eta konpromiso serio eta sendoa izatea". Gainera, presoen "sinbolo" bat dela gaineratu du gerrillak.
FARCek hamar ordezkari izango ditu negoziazio mahaian: Palermo bera, Andres Paris, Ivan Marquez, Rodrigo Granda, Marco Leon, Jesus Santrich, Hermes Aguilar, Ruben Zamora, Bernardo Salcedo eta Sargento Pascuas. Kolonbiako Gobernua, berriz, Humberto de la Calle, Oscar Naranjo, Jorge Enrique Mora, Frank Pearl, Sergio Caramillo eta Luis Carlos Villegasek ordezkatuko dute.