Hugo Chavez Venezuelako presidentearen gaixotasunari buruzko artikulu bat argitaratu zuen bart bere webgunean El País-ek, Gtres Online agentziak bidalitako argazki batekin batera. Azalera eraman zuen argazkia, gainera, Madrilgo egunkariak. Baina argazkia faltsua zela konturatu ziren, eta erretiratu egin behar izan zuten webgunetik. Halaber, inprentara bidalitako egunkarien inprimaketa gelditu eta bertsio berri bat egin zuten azken orduan.
El País-ek gaur goizean bere webgunean aitortu du argazki faltsua erretiratu behar izan dutela: "Irakurleei barkamena eskatu nahi die El País-ek egindako kaltearengatik. Egunkariak ikerketa bat hasi du gertaera argitzeko eta jakiteko zer gertatu den argazkia egiaztatzerakoan".
Twitterren argazki faltsuaren inguruko txio ugari idazten ari dira azkeneko orduetan.
Googlek badu zerbitzu bat halako iruzurrak antzemateko aukera ematen duena. Aski da Googlen irudi bilatzailean ustezko argazki esklusiboa igotzea, irudi hori lehen ere Interneten zabaldu ote den jakiteko.