Uste baino azkarrago onartu ahal izan du Hugo Chavezek legeak dekretu bidez aurrera ateratzeko neurria. Venezuelako presidenteak iragan ostiralean aurkeztu zuen proposamena, eta herenegun bertan bozkatu zuten Parlamentuan. Cilia Flores Asanblea Nazionaleko presidentearen hitzetan «premiazkotasuna aintzat hartuta» saio berezia egin dute. Ahalmena Emateko Legeak aldeko 157 boto eskuratu ditu —PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak, Aberria Denentzat, Podemos eta Mugimendu Ekologista eta Humanistak babestu dute—. Aurrerantzean eta urtebetez, beraz, legeak dekretu bidez onartu ahal izango ditu presidenteak; hain zuzen, agintaldia amaitzen zaion arte. Atzo beste bozketa bat egitekoa zuten, bigarrena, aurrera aterako zela aurreikusten bazen ere.
Venezuelan izan berri diren uholdeak eragindako kalteei aurre egin ahal izateko ezinbesteko neurria dela eman du aditzera Chavezek. Oposizioaren arabera, baina, hori aitzakia baino ez da erabateko boterea eskuratzeko. Ahalmena Emateko Legeak, azken batean, hainbat eremutan bere kabuz aritzeko aukera ematen dio presidenteari; subiranotasun politikoan, azpiegitura eta zerbitzu publikoetan, defentsan, segurtasunean, lurralde antolaketan, zergetan, fiskalitatean, etxebizitzan eta ekonomian, besteak beste.
Agintaldian aurrera atera ezin izan dituen legeak onartzeko aukera izango duela salatu du oposizioak. Maria Corina Machado MUD Batasun Demokratikoko Mahaiko diputatu aukeratuak larritzat jo du neurria; «Chavezen azken hau demokraziaren kontrako legez kanpoko neurri bat da, estatu kolpe bat». Bozketa bera ere gehiengo osoa galdu aurretik egin izana salatu du oposizioak. Chavezek irailean egindako bozetan galdu zuen gehiengo osoa; Parlamentuak 165 eserleku ditu, eta heldu den urtarrilaren 5ean martxan jarriko den legegintzaldian 98 ordezkari izango ditu. Oposizioak, berriz, 67 diputatu izango ditu.
Laugarren aldia
Konstituzioak jasotzen duen mekanismoa da Ahalmena Emateko Legea. Bost diputatutik hiruren sostengua behar da neurria indarrean jartzeko —99 diputatu— eta presidenteari ia erabateko ahalmena aitortzen dio legeak legeak dekretu bidez onartzeko. Hugo Chavezek neurria baliatzen duen laugarren aldia da oraingoa. Aurreneko aldia 1999an izan zen —sei hilabetez egon zen indarrean— eta ondoren beste bitan ezarri du; 2001ean, urtebetez, eta 2007an, urte eta erdiz. Mekanismo hori erabilita, azken 11 urteotan orotara 178 dekretu onartu ditu presidenteak, tartean erreferendum bidez atzera botatako hainbat. Konstituzioa erreformatu ahal izateko duela hiru urteko galdeketan kontra agertu ziren herritarren %51ek eta erreforma horretako puntu batzuk —26— lege dekretuak onartuta ezarri ditu indarrean Chavezek.
Chavezi legeak dekretu bidez onartzeko babesa eman dio Venezuelako Parlamentuak
Oposizioaren ustez, heldu den urtarrilean gehiengo osoa galduko duelako sustatu du ekimena presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu