AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Al-Qaedaren atentatu bat saihestu du azken asteotan, AEBetako Gobernutik jakinarazi dutenez.
Bidaiari hegazkin baten aurka atentatu suizida bat egiteko asmoa zuen, baina CIAk lehergailua atzeman du. AEBetako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Yemenen egindako lehergailua da, eta baliteke gehiago egotea.
Ustez erasoa egitera zihoan laguna hegazkin txartela erosi aurretik atxilotu zutela jakinarazi dute.
Barack Obama AEBetako presidenteak apirilean izan zuen Al-Qaedaren planaren berri. Caitlin Hayden Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko (NSC) bozeramaileak adierazi du "ez dela herritarrentzat "arriskurik" izan.
AEBetako hedabideen arabera, Al-Qaedak Osama Bin Ladenen heriotzaren urteurrena dela eta egin nahi zuen erasoa.