CIAren atzapar luzea

Hedabide batzuen arabera, Barack Obamak duela hilabete batzuk baimendu zion AEBetako zerbitzu sekretuari Siriako matxinoei laguntza ematea.

mikel rodriguez
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Duela 64 urte eskas sortu zuten arren, literaturarako eta konspirazioen istorioetarako segur aski gehien eman duen erakundea izan da AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentrala. Ongi irabazitako arrazoiengatik. Haren xede nagusia SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari eta, oro har, komunismoari aurre egitea zen 1991 arte, eta mundu osoan hainbat estatu kolpe, gerra zibil eta bertzelako gatazkak zuzendu, sustatu edo lagundu zituen. Gerra Hotza bukatu arren, ordutik sortutako bertze hainbat gatazkatan agertu da CIAren atzaparra. Iaz, Libian Muammar Gaddafi boteretik kentzeko ahaleginetan parte hartu zuen, eta, berrikiago, gero eta gehiago dira Siriako matxino taldeen gibelean AEBetako zerbitzu sekretuen hariak ikusten dituztenak.

Oihartzuna hartu duen azken berria Mendebaldeko hedabideek argitaratu dute —CNN kateak eta Reuters agentziak zehazki—, AEBetako iturri diplomatiko anonimoak aipatuz. Horren arabera, Barack Obama presidenteak duela hilabete batzuk sinatu zuen CIAri Siriako matxinoak laguntzea baimentzen dion dekretua. Presidenteak matxinoei baimendutako laguntza zein den ez dagoela argi diote hedabide horiek. Hala ere, nabarmendu dute «hilgarria ez den laguntza» dela CIAk eman diena, hau da, komunikaziorako ekipamenduak, Siriako tropen inguruko informazioa eta dirua. AEBetakoAltxorraren Departamenduak, adibidez, AEBetan dauden matxinoen aldeko taldeei dirua bidaltzea baimendu die, eta Estatu Departamentuak berak 20,5 milioi euroko laguntza «ez hilgarria» bidali die Baxar al-Assaden aurkako taldeei, eta bertze 52,6 milioi «giza laguntzarako».

Blackwater, Turkian ere bai

Iragan hilaren bukaeran The New York Times-ek argitaratu zuenez, CIA Siriako matxinoek Turkian dituzten kanpamenduetan ere badago, Al-Assaden aurkako milizianoak trebatzen. Jardun horretan AEBetako Blackwater mertzenario enpresa ere parte hartzen ari dela argitaratu zuten urte hasieran Siriako hainbat hedabidek eta Libanoko Al-Manar agentziak —Hezbollahen hedabideak—. Horrek Mendebaldean ez zuen oihartzun handirik izan, AEBetako Stratfor espioitza agentzia pribatuaren mezu elektronikoak argitaratu ziren arte. Blackwaterrek orain Academi izena du, eta AEBetako Gobernuak gehien kontratatzen dituen hiru mertzenario enpresen artean dago —edo kontratista pribatuak, hizkera ofizialean—.

Libiaren bidetik

CIAri lotutako informazio gehiena bezala, orain arte argitaratutakoa iluna da, eta AEBetako agintariek, noski, ez dute publikoki deus adierazi. Baina tantaka ateratzen den informazioak iaz Libian gertatutakoaren antza du. Bi kasuen artean dagoen alde nabarmena da Libian NATOren eraso kanpaina zegoela martxan, eta Sirian ez. Baina Libian Obamak ere sekretupean matxinoei laguntza «ez hilgarria» emateko dekretu bat sinatu zuen, eta han ere kontratista pribatuak egon ziren Gaddafiren aurkako taldeak trebatzen —Misratan, adibidez, Erresuma Batuko eliteko SAS taldeko kide ohien enpresa bat—.

Matxinoek «laguntza hilgarria» nondik lortzen duten da galdera. Turkia, Saudi Arabia eta Qatar dira guztiek seinalatutakoak. Hor ere CIAk zenbaterainoko eragina duen da eztabaida. Munduko zerbitzu sekretu boteretsuenari buruzko gauza anitzekin bezala, litekeena da urteak pasa ahala azaleratzea egia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.