Azaroaren 25ean Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ostean, gaur eratu dute parlamentua, eta Nuria de Gispert CiUko kidea hautatu dute, aurreko legealdian bezala, bertako presidente. Aldeko 79 boto jaso ditu, 52 abstentzio izan dira eta baliogabeko 3.
Aldeko botoen artean, CiUrenak ez ezik, ERCrenak eta PPko batzuenak jaso ditu. PSCko, ICVko eta Ciutatanseko parlamentariak abstenitu egin dira, PPko batzuk ere bai, eta baliogabekoak CUPekoenak izan dira —asteartean etxetik kaleratzeko aginduagatik bere burua hil zuen lagun baten izena jarri dute paperean—.
Anna Simo (ERC) eta Lluis Corominas (CiU) izango dira Mahaiko presidenteordeak. Beste kideak: Miquel Iceta (PSC) Josep Rull (CiU), Pere Calbo (PP) eta David Companyon (ICV). Ciutatans eta CUP Mahaitik kanpo geratu dira.
De Gispertek bere hitzaldian esan du Katalunia ez dela "garaitutako herri bat, baizik eta bide berriak irekitzeko prest mobilizatzen ari dena".
Inbestidura saioa hamar egunera egingo dute. Artur Mas jarduneko Generalitateko lehendakaria izango da berriro agintean, baina ikusteko dago CiUk eta ERCk akordioa ixten duten ala ez.
CiUk 50 legebiltzarkide lortu zituen hauteskundeetan, ERCk 21, PSCk 20, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira.