Ines Arrimada Ciutadanseko buruak adierazi du Junts pel Sik eta CUPek aurkeztutako mozioa "ordena demokratikoaren aurkako erronka" dela. Haren arabera, eratu behar den Kataluniako Gobernua berriari legea eta auzitegiak desobeditzeko eskatzen diolako. Arrimadasek uste du, gaurkoan, independentziaren aurkako alderdiak "egoerak eskatzen duen mailan" egon direla. Argi utzi du, eskura dituzten baliabide politiko eta juridiko guztiak erabiliko dituztela Junts pel Sik eta CUPek "desobedientziaren bidetik" jarraitzen badute.
Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPko buruak berriz, adierazi du, gaurko eguna Kataluniarentzat egun "tristea" izan dela. "Auzitegi Konstituzionalera jo behar izan dugu tirania ekintza batetik defendatzeko". Helegiteak jartzeko hiru alderdiek bat egin izana "historiara pasa den ekintza sinboliko" gisa definitu du. Hala ere, astelehenean parlementuko osoko bilkura egiten badute, PPk Katalunia Espainia izaten jarraitzea defendatuko duela azaldu du.
Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak nabarmendu du Espainiako Gobernak "ondoan" izango dituela, katalanen "eskubide eta askatasunak zapaltzeko saiakera hau" eragozteko. Ciutadansek eta PPk asteleheneko osoko bilkura ez egiteko kautelazko neurriak eskatu dizkiote Auzitegi Konstituzionalari. PSCk ez du eskari horrekin bat egin. Icetaren ustez, gaur egun arte, auzitegiak erakutsi du herabetsu dela eztabaidak gertatu aurretik neurriak hartzeko. Haren aburuz, haustura adierazpena egiteko moduek eta haren edukiak dira "erantzun sendoa" behar dutenak.
Alderdi bakoitzak bere aldetik aurkeztu du Kataluniako parlamentuko mahaiak haustura adierazpenaren tramitazioa onartzearen aurkako helegitea, baina Arrimada, Garcia Albiol eta Iceta hirurak batera elkartu dira Auzitegi Nazionaleko atarian..