Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak epaile baten aurrean deklaratu zuen atzo Cleastream auzia-ren inguruan. Jean-Marie d'Huy ikerketa magistratuaren aurrean azaltze hori, akusazio partikularreko jardule gisa egin zuen gobernukideak. Izan ere, auzi salaketa jarri zuen iragan urtarrilaren 31n, eskandalu finantziari batekin nahasi nahi izan zutela agerian geratu eta berehala.
2004ko maiatzean eta ekainean, Renaud van Ruymbeke jujeak anonimoki jaso zituen zerrendetan, Luxenburgoko Clearstream finantza enpresako diru kontuko hartzedunetan emana zen Sarkozy. Diru kontu hauek, Frantziak Taiwani saldutako fragata militarren merkatu susmagarriarekin zerikusia zutela sinetsarazi nahi izan zioten Van Ruymbeke epaileari, baina hau aski laster ohartu egin zen izen zerrenda hauek faltsuak zirela, eta, beraz, Sarkozyk ez zeukala Clearstream finantza enpresan diru kontu ezkuturik.
PSren zentsura mozioa
«Trikimailu saio bateko biktima bezala deklaratu dutd'Huy epailearen aurrean; honi esan diot egia jakin nahi nuela eta hau aurkitzeko konfiantza osoa ematen niola justiziari», besterik ez zuen esan atzo Sarkozyk, Parisko finantza gaietako justizia ikerketa sail bereziko egoitzatik ateratzean. Jean-Marie d'Huy eta Henri Pons jujeek, baina, Barne ministroaren izena zerrenda faltsuetan nork jarri zuen aurkitzea dute eginkizun.
Satorlan honekin Dominique de Villepin lehen ministroak gutxi edo aski zerikusia izanaren susmoak hazi dituzte Philippe Rondot Defentsa Ministerioko informazio adituak epaileei egindako deklarazioek. Villepinek, ordea, erabat ukatu du azpikeria honetan esku hartu duenik. Gainera, eskandaluak eragindako «kalapitak» ez duela «garrantzia handirik» esan du.
Estatuaren maila gorenetan, 2007ko presidentetzako bozen inguruko lehiak hazitako jukutria salatuta, Villepinen gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurkezteko asmoa agertu du PS Alderdi Sozialistak.
FRANTZIA
'Clearstream auziaz' deklaratu du Sarkozy Barne ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu