Heldu den azaroan AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan aurkari nor izango duen zain dago John McCain, astearteko hauteskunde primarioetan hautagai izateko beharrezko ordezkariak lortu ondoren. Barack Obamak Alderdi Demokrataren lehia ia erabakita uzteko aukera zuen, baina Hillary Clintonek azken unera arte garaipenaren bila borrokatzeko gaitasuna duela erakutsi du. Ohioko, Texasko-caucus-etako bozen zenbaketa ez da amaitu han- eta Rhode Islandeko bozetan gailendu da, eta Obamak Vermonten irabazi du. Obamak jarraian izandako 11 garaipenak eten ditu Clintonek, baina ezin izan du ordezkarietan hark zeramakion aldea irauli.
Emaitzen osteko ekitaldian, jarraitzaileen euforiarekin bat egin zuen Clintonek Ohion. AEBetako lehen presidente emakumezkoa izateko ametsari eutsi nahi bazion, Texasen edo Ohion irabazi behar zuen nahitaez, ordezkari kopuru handia baitute estatuok. Bada, helburua erdietsi zuen Clintonek, batean baizik, bietan izan baitzen garaile. Ohion hamar puntuko aldea atera zion Obamari, baina Texasen estu hartu zuen Obamak. Botoen %98 zenbatuta zeudenean, Clintonek %51ko babesa zuen eta Obamak, %47koa. Texasko caucus-etako zenbaketa ez zegoen amaitua eta ordezkariok banatzeke zeuden.
«Ohion bezala ematen du botoa nazioak, etaestatu giltzarrietan irabaziko duen hautagaia behar dugu». New Yorken, Kalifornian eta New Jerseyn garaipen baliotsuak lortu ondoren, estatu garrantzitsuen lehiatokian jaun eta jabe dela nabarmendu du Clintonek. Etxe Zurirako eskarmentu gutxi duela leporatu dio Obamari ospakizunen giroan. Segurtasunaren eta ekonomiaren inguruan Clintonek Obamari egindako presioak emaitza ona eman du adituen ustetan. New Yorkeko senatariaren baikortasunaren adierazgarri, Obama Etxe Zurirako bere hautagaitzan presidenteordea izan daitekeela aditzera eman du CBS telebista kateari egindako adierazpenetan. «Buru nor joango den erabaki behar dugu, noski, baina Ohioko hautesleek argi esan dute neu izan beharko nukeela».
ERREPUBLIKANOEN BATASUNA. Obamak, bestalde, Clinton eta McCain zoriondu ostean, porrotari garrantzia kendu dio. Izan ere, Illinoisko senatariak oroitarazi du asteartea baino lehenago zuen ordezkarien aldeari eutsi diola hein handi batean. «Mantendu egin dugu ia ordezkarien abantaila, eta hautagaitza irabazteko bidean gaude». Demokraten bozetan hautagaiak lortu duen babesaren arabera izendatzen direnez ordezkariak, Obamaren galera ez da hain handia izan.
Alderdi Errepublikanoaren borrokan, astearte handitik ia ziurra zuen hautagaitza ziurtatu du McCainek. Jokoan zeuden lau estatuetan eskuratu du garaipena eta lehia guztiz erabaki du, aukera izan duenean. Nahiz eta apetak eman dionean irabazi duela irudi dezakeen, ez da ahaztu behar hauteskunde kanpainaren hasieran amore emateko zorian ere izan zela. George Bushekin elkartu zen atzo Etxe Zurian, eta AEBetako egungo presidenteak azaroko bozetarako sostengua erakutsi zion. Obamaren eta Clintonen arteko lehia estua izaten den bitartean-demokraten artean zatiketa handitzeko arriskuarekin-McCainek azarorako buru-belarri prestatzeko aukera dauka. «Hauteskunde kanpainaren aro garrantzitsuena orain hasiko da, eta Amerikaren alde borroka egingo dugu». Presidentetzarako bozetan lehiatzeko gertu dagoela adierazi du, eta Etxe Zurirako kanpainan promesa faltsuak baztertuko dituela argitu du.
Lehia utzi eta McCaini babesa eman zion atzo Mike Huckabeek Texasen. «Izan zitekeena ahaztu eta hemendik aurrera alderdi batua izaten ahalegindu behar dugu». Errepublikanoen lehian, estatuetako bozetan garaipena lortzen duen hautagaiak alderdiaren biltzar nazionalerako hango ordezkari gehienak lortzen ditu, eta, ondorioz, aldea gehiago handitu zuen McCainek lau estatuetan irabazita. Hala, Huckabeek lau ordezkari baino ez zituen lortu bozen zenbaketa oso aurreratua zegoenean.
Clintonen aholkulariek eurek ere onartzen dute, Wyomingo eta Mississippiko hurrengo hauteskundeak Obamak irabaziko dituela- larunbatean eta asteartean egingo dira hurrenez hurren-. Apirilaren 22an Pennsylvanian egingo dituzten bozetan dute itxaropena Clintonen aldekoek. Ordezkari asko dituen azken estatua da bozetan, 158 hain zuzen ere, eta lehia ebatzi dezake. Obamarentzat garaipena finkatzeko eguna izan liteke, Clintonentzat ostera, borroka demokraten abuztuko biltzar nazionalera atzeratzeko aukera.
Izan ere, Pennsylvaniak azken epaia emango ez balu, eta Clinton Obamarengana hurbildu,alderdiko superordezkariek azken hitza izan dezakete balantza alde batera edo bestera bultzatzeko. Clintonen ustez, azken garaipenek euren babesa lortzen lagunduko diote.
«Ohion bezala ematen du botoa nazioak, eta estatu giltzarrietan irabaziko duen hautagaia behar dugu»
Hillary Clinton
Alderdi Demokratako hautagaia
«Mantendu egin dugu ia ordezkarien abantaila, eta hautagaitza irabazteko bidean gaude»
Barack Obama
Alderdi demokratako hautagaia
«Hauteskunde kanpainaren aro garrantzitsuena orain hasiko da, eta Amerikaren alde borroka egingo dugu»
John Mccain
Alderdi errepublikanoko hautagaia
Clintonek ez du esan azken hitza
John McCain izango da errepublikanoen hautagaia Etxe Zurirako, eta sostengua erakutsi dio George Bushek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu