ESKOZIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Compston aktorearen erantzuna

Astelehenan, 2.000 lagun bildu ziren Londresen Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzearen alde. Martin Compston aktoreak egin zuen mobilizazio hari erantzuteko deia. [Youtube]http://youtu.be/ZsOB3txAZsI[/Youtube]

martxelo otamendi
2014ko irailaren 17a
07:37
Entzun

Bide guztiek balio dute Eskoziaren erreferenduma irabazteko, alde edo aurka, baina irabazteko. Astelehenean, 2.000 lagun bildu ziren Londresek daukan gunerik turistikoenetako batean, Trafalgar Squaren, eskoziarrei eskatzeko ezezkoaren alde egin dezatela.

Ezohikoa izan zen deialdia, ez zuelako erakunde politiko edo sozial batek egin, telebista ekoizle batek baizik. Egoeraren larria ikusita, Dan Snow telebista produktoreak Trafalgar Squaren biltzera deitu zituen londrestarrak, eskoziarrei ikustarazteko zein garrantzitsua den bihar, osteguna, ezezkoa bozkatzea. Snowren deiari erantzunez, 2.000 lagun bildu ziren, Bob Geldof kantari irlandarra, Eddie Izzard eta Al Murray aktoreak tartean. Porrot handia milioka biztanle dituen Londresen, city-an bizi direnei Eskozian gertatzen ari dena oso gutxi axola zaien erakusgarri.

Snowren deialdiarekin haserre, eta erantzuteko asmoarekin, beste horrenbeste egin zuen atzo, asteartea, Martin Comspton aktore eskoziarrak. Glasgowko herritarrak biltzera deitu zituen arratsaldeko seietan, George plaza zentrikoan, independentziaren alde egin zezaten. Trafalgarren astelehenean bezala, 2.000 lagun inguru bildu zituen Compston gazteak. Baina Glasgown, inguru osoa hartuta, 600.000 lagun bizi dira.

Jendea bildutakoan, eskuko bozgorailua hartu, eta, hamabost minutuko mintzaldian, independentziaren abantailak azaldu zizkien bildutakoei Compstonek. Eskoziako banderak eskutan hartuta, jai giroan eta independentziaren aukerak irabaziko duela konbentzituta, txalo zaparradarekin erantzuten zioten zuzendaririk gabe, makillaje gabe eta gidoi ikasirik gabe jardun zuen aktore ezagunari.

Martin Compston eskoziarra da, 30 urte dauzka, eta BBCk ekoitzitako hainbat serietan jokatu du. Ken Loachek zuzendutako Sweet Sixteen filmeko aktore nagusia izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.