Continental hegazkin konpainia, enpresa horretako bi langile, Concorde egitasmoaren bi arduradun eta Frantziako abiazio zibilaren segurtasun goi kargua izandakoa auzipetzea erabaki du instrukzio epaile batek, 2000ko uztailean 113 hildako eragin zituen hegazkin istripuaren erantzuleak direlakoan. Pontoiseko Auzitegi Korrekzionalak epaituko ditu ia zortzi urte geroago, «nahi gabe giza hilketak eta zauriak eragiteagatik». Litekeena da, adituen ustez, Continental AEB Ameriketako Estatu Batuetako taldearentzat zigor eta kalte-ordain handiak ebaztea.
Air France konpainiako Concorde hegazkinak 2000ko uztailaren 25ean lurra jo zuen Charles De Gaulle Parisko aireportutik aireratu eta minutu gutxira. Istripuan 113 lagun hil ziren. Ikerketari jarraiki, Continental Airlineseko hegazkin bati lur hartzean erori zitzaion metal xafla batek eragin zuen ezbeharra. Concorde 43 zentimetro luzeko titanio puskaren gainetik igaro zen aireratzean, eta pneumatiko bat zartatu zen. Leherketak keroseno ontzira igorri zituen pneumatiko puskak, eta su hartu zuen biltegiak. AEBetako enpresari egotzi dio epaileak DC hegazkinaren mantenua behar bezala ez egitea.
Concorde ametsaren amaiera
John Taylor eta Stanley Ford Continentaleko langileak metal xafla hegazkinean oker jartzeagatik epaituko dituzte. Bestalde, Concorde egitasmoko Henri Perrier eta Jacques Herubel arduradunak ere epailearen aurrera igaro beharko dute akusatu modura. Concordean aldaketak ez egitea egozten die. Ezbeharraren aurretik hegazkin supersonikoek izandako akatsek aldaketak behartzen zituela diote adituek. Claude Frantzen Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko arduradun ohia da beste auziperatua. Aurrekariak gutxiestea leporatu diote.Kalte-ordainak jasotzearen truke akusazio partikularra izateari utzi diote kaltetuetako gehienek.
2000ko ezbeharrak Concordearen amaiera azkartu zuen. Azken hegaldi komertziala 2003ko urriaren 24an egin zuen, British Airways konpainiaren koloreekin.
Continental aireko konpainia epaituko dute Concorden istripuagatik
Charles de Gaulle aireportutik aireratu bezain pronto lurra jo zuen Concordek 2000n, eta 113 lagun hil ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu