David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ez du erantzukizunik onartu Murdoch auzia dela-eta gertatzen ari denaren inguruan. Barkamenetik gertuen egon den esaldia hauxe izan da: «Noski, sentitzen dut, erabat sentitzen dut, sortu duen eskandaluagatik». Andy Coulson entzuketak egin zituen News of The World egunkariaren zuzendari izandakoa bere prentsa arduradun izateko kontratatzea «sentitu» du ere, baina, ez da gertatutakoaren erantzule. «Orain entzuketez dakidana jakingo banu ez nuen kontratatuko». Are gehiago, kazetariak entzuketen berri bazuen barkamena eskatu beharko liokeela uste du, eta kargu kriminalei aurre egin, eskandalua lehertu zenean haien berri izatea ukatubaitzion Coulsonek, eta «beste aukera bat ematea» erabaki zuen lehen ministroak, Downing Streeteko prentsa arduradun izendatu zuenean.
Baina Cameronen hitzak motz geratu dira gertatutakoaz ganorazko azalpenen bat espero zuenarentzat. News of The World-ek jende ezagunaren eta ezezagunaren lau mila telefono baino gehiago zeuzkan kontrolatuta, urteetan diru asko eman duten esklusibak eskuratu ahal izateko. Coulson, 2003 eta 2007 urteen artean hango zuzendari izanda ezer ez jakitea ez da oso sinesgarria, baina lehen ministroak «zaharkitua» irudi dezakeen ustea izaten jarraitzen du: «errugabetasuna errespetatu behar zaio besterik frogatzen den arte».
Coulsonek News of The World-eko zuzendari kargua utzi zuen bere kazetarietako bat entzuketengatik zigortu zutenean. 2006an lehertu zen eskandalua, eta 2007an bi kazetari zigortu zituzten. Coulson, dimisioa eman eta hilabeteetara, Cameronen alboan zegoen lanean, ikerketa itxi eta gutxira, Gobernuaren barru-barruko zereginetan, aurtengo urtarrilean kargua utzi behar izan zuen arte, berriz ere eskandalua lehertu zenean. Joan den asteanatxilotu eta galdekatu zuten Coulson.
Neil Wallis egunkari bereko zuzendariorde izandakoaz ere egin du adierazpenik Cameronek, oposizioak esandakoari erantzunez. Kontserbadoreen kanpainan parte hartu zuela salatu dute laboristek, baina lehen ministroak ukatu egin du. Onartu du, berriz, «lan informalak» egin zituela kanpainan Coulsonentzat. Wallis Poliziak kontratatu zuen «aholkulari» gisara, eta atxilotu zutenean etorri ziren erreskadan Scotland Yardeko Paul Stephenson eta John Yates arduradun nagusien dimisioak.
Ikerketa zorrotza
Hori lehen ministroarenganaino heldu den haria da, ustelkeriaren eta eroskeriaren ezkutuko mundu zabalean, eta Cameronek haren barruan egon daitezkeen oro ikertzeraino lan egingo duela agindu du, Polizia, politikari eta komunikabideetako ordezkari susmagarri bana ikertuko duela, baina orain Poliziari dagokiola ikerketa. Hala ere, nork nor ikertu beharko duen erabaki beharko dute lehen, Poliziaren baitan ustelkeria dagoela lehen ministroak berak onartua baita. Alferrik ez dute eman dimisioa Scotland Yardeko buru Paul Stephensonek eta bigarrenak, John Yatesek. Stephensonek kargua utzi zuenean, igandean, Cameronek gauza bera egin behar zuela iradoki eta erabaki zuen lehen ministroak atzoko ezohiko saioa egitea Westminsterren.
Eta legebiltzarkideek saio sutsua irudikatu dute. Cameronek adierazpena egin bitartean, soinua atera du oposizioak legebiltzarreko presidenteak maiz saioa eteteraino, etalehen ministroari, azalpenak eman ostean, 130 galdera etorri zaizkio bueltan, baina denak ildo antzekotik, eta erantzunak ere halakoxe. Gobernuaren arduraz galdegin diote, murdochtarren negozioetan Cameronek izan duen informazioaz, BSKyB katearen akzioen %100a eskuratzeko asmotan izan duen lekuaz, baina txintik ez du esan horri buruz. «Negozio horietatik kanpo egon izan naiz beti», eta entzuketen auzian berak ezer jakin izan ez balu bezala aritu da denbora guztian.
Baina politikarien eta komunikabideen arteko trikimailuak agerian geratzen ari dira oso, eta lehen ministroaren adierazpen bat baino gehiago beharko dute aldatzeko. Cameronek «gardentasuna» agindu du bide horretan, eta Ed Miliband laboristen buruak «barkamen osoa» eska dezan galdegin dionean, honekin erantzun dio: «Gu gara ikerketa eskatu dugun bakarrak. Urteak egin dituzue Gobernuan, eta gauza bera egin zenezaketen». Izan ere murdochtarrek lehen ministroekin harremana aspaldikoa eta interes orotarikoa izan baita, kontserbadoreekin edo laboristekin, izan Margaret Thatcher edo Tony Blair.
Poliziaren kontra txostena
Komunen Ganberako barne batzordeak txosten bat egin du Poliziari leporatuz entzuketen ikerketan porrot egin izana —alderdi guztietako ordezkariak daude han—. Segurtasun indarrek borondaterik ez zuten izan News International konpainiarekin koordinazio gabezia gainditzeko. «Huts batzuk izan dira Poliziaren aldetik, eta konpainiarenetik, berriz, hainbat ikerketa bertan behera uzteko saiakera deliberatua», batzordearen presidente Keith Vaz laboristaren arabera.
2005ean hasi zuten lehen aldiz poliziek entzuketen inguruko ikerketa, eta 2009an itxi, baina taxuzko arrazoirik gabe, azterketaren arabera, News of The World-ek entzuketak sistematikoki egin baitzituen.
Batzordea bereziki kritikoa da John Yates eta Andy Hayman komisarioordeekin. Ikerketa berriz ez zabaltzeko Yatesek 2009an eman zituen argudioak oso «kaxkarrak» direla ondorioztatu du batzordeak. Yatesek dimisioa astelehenean eman zuen esanez ezin zuela karguan jarraitu bere jarrera etengabezalantzan jartzen bazuten. Haymani ere gogor egiten dio batzordeak. Ikerketa bideratzeko frogak ezkutatu izanaleporatu dio, hasteko. Haymanek Polizia utzi zuenetik murdochtarren Times egunkarian zutabegile izan da. Legebiltzarkideek, oro har, «ikerketa sakona» eskatu dute, Poliziatik hasita, inplikaturik dagoen ororenganaino helduko dena.
Bien bitartean, Australian ere ikerketa abiatuko dute Rupert Murdochek han duen konpainiaren inguruan. Australiako prentsa idatziaren merkatuaren %70 inguru kontrolatzen du han Murdochek.
Coulson kontratatu bazuen ere, bera ez dela erantzulea adierazi du David Cameronek
'Murdoch auziarekin' ez duela zerikusirik esan, eta «ikerketa zorrotza» agindu du Erresuma Batuko lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu