Nola sortu zen munduko azken pandemia eragin duen COVID-19 birusa? Basa animalietan sortu eta gizakietara pasatu zela uste dute aditu gehienek. Halere, birusa laborategi batetik atera ote zen galdetu izan dute beste batzuek. Konspirazio teorien esparruan ibili da orain arte hipotesi hori, baina AEBetako presidente Joe Bidenek nolabaiteko bultzada eman dio orain. Birusaren jatorria azaltzeko ahaleginak indartzeko eskatu die zerbitzu sekretuei, eta, besteak beste, laborategiaren hipotesia kontuan hartzeko.
Bidenek esan du AEBetako informazio zerbitzuetako adituak banandurik daudela ezbeharraren eta laborategiaren hipotesiaren defendatzaileen artean. Zehaztu duenez, AEBetako bi zerbitzu sekretuk basapiztien hipotesiaren alde egin dute, baina beste batek uste du birusa laborategi batetik atera zela. «Ez dago behar adina informaziorik hipotesi baten edo bestearen alde egiteko».
Txostena 90 egunen buruan emateko agindu die presidenteak informazio zerbitzuei.
Horrek Txinaren haserrea eragin du, espero izatekoa zen bezala. «Gezur kanpainetan eta errua beste norbaiti leporatzeko ahaleginetan ari dira berriz ere, eta laborategiko ihesaren konspirazio teoria berriz ari da azalera ateratzen», adierazi du Pekinek AEBetan duen enbaxadak. Diplomazialari txinatarrek esan dute ez «politizatzeko» zientziari dagokion ikerketa bat.
AEBetako prentsak joan zen astean zabaldu zuenez, informazio zerbitzuetako txosten batek jaso du Txinako Wuhang hiriko Birologia Institutuko hiru ikertzaile ospitalean sartu behar izan zituztela 2019ko azaroan, hau da, hirian beste kasurik ofizialki atzeman aurretik, lehenengo kasuak abenduaren erdialdera detektatu baitzituzten. Haien sintomak bat zetozen, txostenaren arabera, «koronabirusak eragindako gaitzarekin, edo sasoiko gaixotasun arrunt batekin». Plazaraturiko informazio horrek bultzada eman dio berriz laborategiko istripuaren hipotesiari.
Informazio hori jasotzen zuen dagoeneko Donald Trump presidentearen agintaldiaren azken egunetan zabalduriko Estatu Departamentuko agiri batek, baina hedabideek adierazi dute oraingo txostenak xehetasun gehiago ematen dituela, besteak beste zenbat ikertzaile gaixotu ziren, noiz eta zer bisita eduki zituzten erietxean.
Trumpek zabaldu zuen iaz birusa Wuhango Birologia Institututik atera zela. Orduan, politikari eta hedabide gehienek baztertu egin zuten hipotesia.
Osasunaren Mundu Erakundeak Txinako ikertzaileekin osaturiko txosten bat plazaratu zuen martxoan. Han, ondorioztatu zuten laborategiaren hipotesia zuzena izateko aukera oso txikia dela, baina onartu zuten ikertzen jarraitzeko beharra dagoela.