Bere aldeko inkesta baikorrenek iragarritako emaitzak bete ditu Cristina Fernandezek, eta marka historikoa ezarri du Argentinako presidentetzarako bozetan: botoen %98,25 zenbatuta, %54 lortu ditu, bigarren hautagaiarekiko, Hermes Binner sozialdemokratarekiko %37ren aldea lortuz. Beraz, FV Garaipenaren Fronteak kanpainan erakutsi duen giro triunfalista berretsi egin da, eta, horrekin batera, baita oposizioak kirchnerismoari aurre egiteko izan duen ezintasuna ere. Kanpaina osoan bezala, garaipenaren egunean ere Fernandezek Nestor Kirchner senarra eta aitzineko presidentea izan du gogoan—iaz hil zen—. «Argentinako politikan lorratza utzi duen gizona izan zen».
Fernandezek lortutako aldea Juan Domingo Peron jeneralak 1973ko bozetan ezarritako markatik hurbil gelditu da —bigarrenari %40ren aldea atera zion Peronek—, eta 1983an diktadura bukatu zenetik izandako alderik handiena da. Horren ondorioz, FVk erabateko kontrola ziurtatu du kongresuan, diputatuen ganberan eta senatuan gehiengoa eskuratu baitu. Diputatuen ganberako 257 jarlekuetatik 130 zeuden jokoan igandean, eta senatuko 72etatik 24. 2009ko kongresurako hauteskundeetan bi ganberen kontrola galdu zuen FVk. 24 probintzietatik bederatzitan ere gobernadorea hautatu behar zuten herenegun. Orain, hogei eskualdetan egonen da agintean FV.
Eguna borobiltzeko, presidentetzarako garaipenarekin bertze marka historiko bat lortzear egonen da kirchnerismoa, agintaldia beteko badu hamabi urtez jarraian boterean egonen baita—Kirchner 2003tik 2007ra, eta Fernandez 2007tik 2015era—. Oraingoz UCR Hiritarren Batasun Erradikalak du marka, hamalau urtez jarraian egon baitzen boterean (1916-1930).
Oposizioa hagitz ahulduta
Oposizioaren ahulezia berretsia gelditu da, eta, espero bezala, ez da bigarren itzulia eginarazteko gai izan. Aipagarriena izan da FAP Fronte Zabal Aurrerakoiak inkestek iradokitakoa bete eta bigarren indarra izatea lortu duela (botoen %16,9), galtzaile nagusietako bati, Ricardo Alfonsinen AUDS Gizarte Garapenerako Aliantza Batuari aurrea hartuta (%11,2). Ricardoren aita Raul Alfonsin izan zen diktadura ondorengo lehen presidentea. Bozen %51 eskuratu zituen orduko hartan, herenegun arte inork gainditu gabeko marka. Kirchnerismoa boterean denetik, baina, mugimendu erradikala krisi latzean murgilduta dago.
Bertze galtzaile nagusia Eduardo Duhalde presidente ohia (2002-2003) izan da, peronismoaren barnean Fernandezi aurre egiteko asmoa zuena. Ez da botoen %6 eskuratzera ailegatu, eta, gainera, bertze hautagai peronista batek —Alberto Rodriguez Saak— aurrea hartu dio (%8). Fernandezek 1970eko peronismo iraultzailearen ondorengotzat dauka bere burua, eta Duhalde eta Rodriguez Saa peronismo federala deiturikoaren barne daude, hau da, adar kontserbadoreagoan.
Cristina Fernandezek alde historikoa lortu du Argentinako bozetan
Botoen %54 eskuratu ditu kirchnerismoak, eta bigarren hautagaiari %37ren aldea atera dio, 1983tik handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu