Konfiantza mozioa katalunian

CUP: "Aurrekontuak erreferenduma irabazteko tresna izan behar du"

CUPek konfiantzazko botoa eman dio Carles Puigdemont presidenteari, baina ohartarazi dio horrek ez duela esan nahi 2017ko aurrekontua “ikusi gabe” onartuko duenik.

Anna Gabriel, Kataluniako parlamentuan konfiantza mozioan. TONI ALBIR, EFE
Samara Velte.
2016ko irailaren 29a
08:38
Entzun

Aspaldiko sintonia onenean, legealdia independentziari buruzko erreferendum batekin amaitzeko borondatea agindu diote elkarri Kataluniako Parlamentuko indar independentistek. CUPek, iragarrita zeukan gisan, babes botoa eman dio Carles Puigdemont presidenteari; hark, Junts Pel Si koalizioaren botoak gehituta, aise gainditu du berak deitutako konfiantza mozioa. 72 diputatu independentistek adierazi diote babesa, eta gainerako guztiek aurka bozkatu dute.

Subiranisten arteko batasuna indartzeko balio izan du keinuak, irudi publikoan behintzat. Puigdemontek bezperan egindako eskaerari neurri batean baino ez baitio erantzun CUPek: ohartarazi dio konfiantzazko botoa emateak ez dakarrela derrigor gobernuaren aurrekontua onartzea. “Legealdiari jarraitzen uzteko prest gaude, hau izango baita herritarrei euren autodeterminazio eskubidea gauzatzea ahalbidetuko dien legealdia”, azaldu du Anna Gabriel diputatuak, Puigdemontek legealdiaren amaierarako iragarritako erreferendumari erreferentzia eginez. “Baina pertsonen artean, eta are gutxiago taldeen artean, konfiantza ez da sekula norabide bakarrekoa izaten. Hartu eta eman egiten da”.

Bandera aldaketa bat baino gehiago

Alderdi antikapitalista prest agertu da gobernuaren aurrekontua negoziatzeko eta onartzeko, baina bakoitzak gizarteaz daukan ikuspegia kontuan hartuta. “Independentzia, guretzat, bandera-aldaketa bat baino gehiago da, agintari-aldaketa bat baino gehiago. Proiektu ekonomiko, sozial eta kultural bat da, gizartearen gehiengoaren arabera moldatua eta haren borondatetik jaioa. Aurrekontuak erreferenduma irabazteko tresna izan behar du, eta, horretarako, independentzia aurrerabidearen ideiari lotu behar zaio”.

Puigdemontek atzo zehaztu zuen legealdia amaitzeko bere asmoa: uztailera bitartean estatu independentea eratzeko egitura juridikoak sortzea, eta haiek onartzeko erreferenduma 2017ko irailean egitea. Gaurko saioan berriro zehaztu du erreferenduma “edozein kasutan, legezkoa” izango dela: Espainiarekin adosten ahaleginduko da, baina erantzunik jaso ezean, bere kabuz antolatzeko prest agertu da gobernua.

CUPek ez du Madrilekin negoziatutako bidean sinesten: “Hori zuen gauza da, eta ez gaituzue topatuko hor”. Estatuaren erantzunaren zain geratzeak jendearen mobilizazioa apaldu dezakeela uste du alderdi antikapitalistak: “Ahalik eta jende gehien batu behar dugu estatuaren demokrazia falta salatzeko. Horixe izango da gure bertutea: gehiengo zabal batek erreferenduma eskatzea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.