Hauteskunde deialdiari nola erantzungo dieten ez dute erabaki antikapitalista katalanek. Kontseilu politikoak bilera egin du gaur, eta batzar nazionalaren esku utzi du erabakia. Azaroaren 12an antolatu dute bilera hori. Hauteskundeetan parte hartzea erabaki behar dute, edo ez parte hartzea, eta bakarrik joan nahi duten, edo koalizio zabalago batean.
Abenduaren 21eko deialdiak ez duela "bermerik" nabarmendu du Nuria Gibert CUPen idazkaritza nagusiko bozeramaileak, "salbuespen baldintzetan" aurkitzen delako Katalunia. Hitzez hitz esan du urriaren 1eko erreferendumak baino berme gutxiago dutela hauteskunde horiek.
Hala ere, bozetara aurkezteko aukera ez duela baztertzen, eta alderdiak, badaezpada, aukera guztiak aztertuko dituela ziurtatu du. Kontua da koalizioak bozetara aurkezteko epea astearte honetan bukatuko dela, azaroaren 7an.
Giberten esanetan, halere, CUPentzat garrantzitsuena ez da boz horietan "nola" egongo diren edo egongo diren, baizik eta "zertarako" egongo diren. Abenduaren 22tik aurrera Kataluniako Errepublika indarrean jartzeko balio behar dutela nabarmendu du. 2015eko hauteskundeen ostean "kontakizun magikoegi bat" egin dutela uste du Gibertek, eta Katalunia independentea lortzeko urrats serioez hitz egin behar dela erantsi du.
Perpinyan egin du CUPen kontseilu politikoak bilera. Ipar Kataluniako Diada ospatu dute gaur han, eta milaka herritarrek parte hartu dute manifestazio batean arratsaldean, haiek ere erabakitzeko eskubidea aitortzea nahi dutela aldarrikatzeko.