Pere Aragones ERC Esquerra Republicanaren hautagaia Kataluniako Generalitateko presidente inbestitu dute gaur, Kataluniako Parlamentuan. Ganberaren gehiengo osoa (68 boto) behar zuen —hori behar da lehen bozketan—, eta, bere alderdiaren 33 botoak, JxC Junts Per Catalunyaren 32ak eta eta CUPen bederatziak batuta, 74 lortu ditu. Legegintzaldia aurrera eramateko gutxiengoen akordio bat egin dute hiru indarrek, baina antikapitalisten talde parlamentarioaren presidente Dolors Sabaterrek ohartarazi dio Aragonesi «txeke zuri bat» ez dela hain babesa. «Datorren asteetan ez bada gelditzen etxebizitza eskubidea defendatzen duten kolektiboen aurkako errepresioa, eta istiluen aurkako Polizia erabiltzen bada etxegabetzeetan, ezin izango diogu parlamentuko gehiengoari eutsi».
Inbestidura saioa atzo arratsaldean hasi zen, eta Aragonesek adierazi zuen bere hitzartzean, «independentzia gauzatzeko» dela hautagai, eta akordio zabala eskatu zuen, presoen eta erbesteratuen amnistia eta autodeterminazioa jasoko dituena. Salvador Illa (PSC) eta Albert Batet (JxC) ere mintzatu ziren atzoko saioan, eta gaur ganberan ordezkaritzan duten gainontzeko alderdien txanda da.
Amnistia erdigunean jarri zuen Aragones jarduneko presidenteak atzoko —iazko irailetik da presidente, Quim Torra kargugabetu zutenetik— diskurtsoan, eta Sabaterrek adierazi dio hori «ñabardurarik gabe» irits dadila.«Nahikoa da errepresioarekin, nahikoa da jazarpenarekin. Gehiengoaren eskaera da hori». Aragonesek atzo nabarmendu zuenez, elkarrizketa mahaia baliatuko dute «[Espainiako] Estatuarekin konfrontazio zibiko eta baketsu bat» egiteko. Sabaterrek adierazi dio presidentegaiari Espainiako Gobernuan buruan dagoen alderdiak, PSOEk, ez duela amnistiari buruzko debaterik baimendu Espainiako Kongresuan.
Eta ERCk eta PSOEk abiatutako elkarrizketa mahaiaren bidea aipatuta, Sabaterrek uste du ez daramala «inora». Beraz, eskatu dio Aragonesi aurrerapausoak eman ditzala autodeterminazio erreferendum bat egin eta emaitzei eusteko. Presidentegaiak atzo planteaturikoari lotutako hitzaldia izan da antikapitalisten parlamentariarena, eta esan dio konfrontazioak zentzua edukiko lukeela independentziarantz pausoak emateko balio badu.«Utz dezagun demagogia alde batera: zein izan da estatuaren erantzuna? Mehatxuak, errepresioa, kartzelatzeak, erbesteratzeak, milaka zauritu...», nabarmendu du. Eta iruditzen zaio PSOE Moncloan dagoenetik ez dela estatuaren jokatzeko modua aldatu. «Gero eta erreakzionarioagoa da».
Marta Vilalta ERCren parlamentuko bozeramailearen esanetan, hauteskundeak berriro egitea «saihestu» dute azken orduan JxCrekin lortutako akordioaren bidez. Halere, barkamena eskatu die herritarrei, negoziazioak «oso poliki» joan direlako. Nabarmendu du «iraultza demokratiko bat» defendatzen dutela, «autodeterminazioa eta amnistia ezin saihestuzkoak» bilakatzeko. Legegintzaldi berriak dauka, ERCkoaren arabera, «kutsu aurrerakoia eta ezkerrekoa», eta independentzia du helburu. «Ez dakigu noiz, baina Kataluniako errepublika errealitate bat izango da. Izan ere, ezin da joan demokraziaren eta gehiengo sozialaren herri borondatearen kontra».
74 boto bildu ditu Aragonesen hautagaitzak, eta harenalderdikideak gogoratu du bi aldiz soilik inbestitu dutela Generalitateko presidente bat boto kopuru horrekin edo handiagoarekin. «Hirugarren aldia da gaur».
En Comu Podemen ezezkoa
En Comu Podemi eskua luzatu zion Aragonesek atzo, hau esan zuenean: «Ez naiz konformatzen inbestidura debate honetan konfiantza ematen didan gehiengoarekin». Jessica Albiach Comukoen koordinatzaile nagusiak erantzun dio ezin dela «aro aldaketarik» izan ez baldin badago gobernu aldaketarik. Adierazi dio presidentegaiari «gehiengo aurrerakoi bat» eduki zezaketela Generalitatean. «Guk zintzotasunez negoziatu genuen». En Comu Podemek betoa jarria dio JxCri. «Kromo aldaketa bat gertatu da gobernuan». Bide batez, CUPi zuzendu zaio Albiach, eta antikapitalistei esan die «procesismo-an» ez dutela elkar topo egingo, «merkatu askea justizia sozialarekin bateragarria delako fantasian».
Nolanahi ere, erantzuteko tartean bozketan abstenitu daitezela eskatu dio Aragonesek Albiachi, eta utzi diezaiola «atea irekita» balizko akordioei. «Baina horretarako eskuzabaltasun puntu bat eskatuko nizueke», erantsi du presidentegaiak. Comukoaren ustez, «politika egiteko beste modu bati» atea itxi dio Aragonesek. «Aurrekontuaren %60 pasa JxCren esku egongo da», azpimarratu du. «JxCek bulegoetan irabazi du hautetsontzietan irabazi ez zuena». Kritikatu du, gainera, «garapen falta» bai arloa sozialean, «nazionalean», eta klima larrialdiaren aurkako borrokan.
Vilaltak adierazi du «ulertezina» zaiola En Comu Podemek bozkatzea ezkerreko politikak egingo dituen presidente baten kontra. «Eta pena da, historikotzat hartzen dugun aukera honi muzin egin diotelako».
09:00etan hasi da osoko bilkura, eta Ignacio Garriga Voxen parlamentarioa izan da aurrenekoa hitza hartzen. Aragonesi aurpegiratu dio «gorrotoa eta konfrontazioa» hauspotzea bere mezuarekin. «Gaur, Kataluniak gero eta askatasun txikiagoa, oparotasun txikiagoa eta segurtasun txikiagoa du, eta, hilabete batzuk barru, are eta txikiagoa izango du [...] Apenas inporta zaizkien katalanen arazoak; horrexegatik dabiltza hiru hilabetean plantak egiten». Eskuin muturreko alderdiko ordezkariaren arabera legegintzaldia motza izango da, indar independentistak «ez direlako elkarren artean fidatzen». Eta ohartarazi du auzitara joko dutela «legalitatea» defendatzeko. «Gupidagabeak izango gara».
Carlos Carrizosaren (Ciutadans) iritziz, lehentasuna ez da amnistia edo autodeterminazioa. «Kataluniar gehien-gehienen lehentasuna da lan bat edukitzea edo zerbitzu publiko onak edukitzea». Ciutadansek 36 parlamentari lortu zituen 2017ko hauteskundeetan, eta sei besterik ez, ordea, joan den otsailaren 14an. Carrizosa bulartsu mintzatu da, nolanahi ere, eta adierazi du Torraren kargugabetzean protagonista izan zirela, haiek jo zutelako auzitegietara presidente izandakoak politikari presoen aldeko pankarta bat zintzilikatu zuenean Generalitatearen jauregiaren balkoian.
«Joan Espainiako Kongresura»
Eskozia adibide gisa aipatu zuen, atzo, Aragonesek. «Eskozia bezala egin nahi dut; autodeterminazio erreferendum bat nahi dut». Eskoziak Erresuma Batuko Gobernuarekin adostuta egin zuen 2014ko galdeketa, eta, orain, atzera, hori errepikatu asmo du. Alejandro Fernandez PPCren buruak Aragonesek jarritako adibideari heldu dio, gaur, bere hitzartzean: «Eskoziarrek bezala egin nahi baduzue, joan Espainiako Kongresura eta errespetatu hango bozketa. Errespetatu legea eskoziarrek bezala».